BILBOKO ALKATEA IZAN DA BURU “BILBAO GAZTE BALIOAK MARTXAN” SARIA JASO DUTEN 30 PROIEKTUEN AURKEZPENEAN
Bilboko Balioen Gutunaren inguruko hainbat gizarte-eskaeratan datza saritutako proiektuen mamia: elkartasuna, parte-hartzea, sormena, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, ingurumeneko jasangarritasuna, justizia soziala eta aniztasuna, besteak beste.
14 eta 35 urte arteko 250 gazte baino gehiagok parte hartu dute ekimen hauen garapenean.
Saritu diren 30 ideietatik 9 ikastetxeen kategorian izan dira; 7, unibertsitate-graduko edo goragoko ikasleenean, eta 14, gazte-kolektiboenean.
Lehen edizioak izan duen arrakasta ikusita, Bilboko Udalak bigarren edizioa deitu du 2019. urterako. Gazteei zuzendutako eta balioetan oinarritutako sariak iango dira oraingoan ere baina, berritasuna da proiektuek lotura izan beharko dutela.
Bilboko Udalak antolatutako “Bilbao Gazte Balioak Martxan” sarien lehen edizioa irabazi duten 30 proiektuak gaur arratsaldean aurkeztu dira Euskal Museoan. Juan Mari Aburto alkatea izan da ekitaldiko buru; bertan, saritutako ekimenen arduradunek –norbanakoak nahiz taldeak– euren lanen garapena eta emaitza azaldu dituzte. Alkateak Oihane Agirregoitia Gazteria eta Kiroleko zinegotzia eta Gotzone Zaldunbide Herritarrentzako Arreta, Partaidetza eta Barrutien Saileko zinegotzia izan ditu ondoan.
Proiektuok hainbat eremu hartzen dituzte barruan: adierazpen artistikoak, teknologia, ikerkuntza, ekologia, inklusioa, bideo-jokoak eta kirola, besteak beste. Bilboko Balioen Gutunak jasotzen dituen 17 balioetakoren bati lotutako helburuak dituzte proiektu guztiek. Sariketa irabazi duten ekimenek gizarte-eskaera bati erantzuten diote, eta auzoak, barrutiak, eskolak edo kolektibo espezifikoak eraldatzen eta hobetzen laguntzen dute. Parte-hartzea bultzatzen duten ideiak dira, sormen handikoak eta berritzaileak.
Juan Mari Aburto alkateak azpimarratu du Udalarentzat “lehentasuna” dela gazteekin balioak lantzea; “gazteak dira etorkizuna. Haien heziketa eta sentsibilizazioa funtsezkoak dira gure asmo handienetako bat lortzeko: gizabidearen aurkako edo etika gutxiko jokabiderik gabeko gizartea”. “Balio horietako bakoitzaren atzean dauden helburuetan aurrera egin behar dugu, hiri bidezkoagoak, oparoagoak eta sozialki jasangarriak izateko”, nabarmendu du.
2. EDIZIOA, GJHei BURUZKOA
“Bilbao Gazte Balioak Martxan” sarien lehen edizio hau herritarren parte-hartzetik sortu da, “Parte-hartze bidezko aurrekontuen” udal-programan sartzen baita. Kolektiboen erantzun onari eta saritutako proiektuen kalitate bikainari esker, estreinako esperientzia hau arrakasta biribila izan da.
Hain zuzen ere, 91 proiektu aurkeztu dira (14, ikastetxeenak; 28, unibertsitate-masterreko graduko edo goi-mailako prestakuntza-zikloetako ikasleenak, eta 49, gazteen kolektiboenak). 30 ekimen saritu dira (9, ikastetxeenak; 87 unibertsitate-graduko edo goragoko ikasleenak, eta 14, gazte-kolektiboenak), eta 250 gaztetik gora parte hartu dute beraien garapenean. Udalak, guztira, 102.000 euro banatu ditu saritan; kategoria bakoitzeko, bi lehen sari banatu dira, 5.000 eurokoa bakoitza, eta gainerakoak 3.000na eurokoak izan dira. Sari hauei esker, gazteoi aukera eman zaie euren ideia martxan jartzeko, gizartearen mesedetan.
Datu horiekin, Udalak erabaki du sariekin jarraitzea eta lehiaketaren bigarren edizioa antolatzea, oraingo honetan Gazteria eta Kirol Arloaren aurrekontuaren barruan.
“Bilbao Gazte Balioak Martxan” sariek, aurrerantzean ere, gazteen papera bultzatuko dute Bilbo balioz hornitzeko bidean. Aurtengo berritasuna da proiektuek lotura izan behar dutela Nazio Batuen 2030 Agendaren garapen jasangarriaren helburuekin, helburu horietan hiriek funtsezko eginkizuna izango dute-eta. Alkateak azpimarratu duenez, “Bilbo jasangarriagoa bultzatu nahi dugu, gizartearen eta ingurumenaren ikuspegietatik”. Aburtok azpimarratu du oso garrantzitsua dela “hiri jasangarriak eraikitzea, garapen global bat ahalbidetzeko, inor atzean utzi gabe. Partekatzen dugun helburu horretan, Bilboko Balioen Gutunaren espiritua laburbiltzen duena, gazteek funtsezko papera daukate”.
Bigarren edizioa unibertsitate-graduko edo goi-mailako zikloetako ikasleentzat eta kolektibo edota pertsona gazteentzat da; bi kasuetan, gazteok 16 eta 30 urte artean izan behar dituzte.
“BILBAO GAZTE BALIOAK MARTXAN” SARIAK
“Bilbao Gazte Balioak Martxan” sarien bidez, gazteek jorratutako gizarte-proiektu berritzaileak sustatu eta babestu gura dira. Gizartearen aldaketan gazteak protagonista gisa duten rolaren onarpena agerian utzi eta rol protagonista hori indartu gura du Udalaren ekimen honek. Bilboko Udalaren ustez “ezinbestekoak” dira bilbotar guztion eta, bereziki, gazte guztien laguntza, inplikazioa eta partaidetza.
Sari hauekin, Udalak hiru helburu zehatzetan egiten du aurrera:
Gizartearen eskariei begira, sormena, konpromisoa eta ahalegintzeko gaitasuna sustatzea.
Gazteen ikusmoldetik, balioak dituen Bilbo eraikitzeari bultzada ematea.
Eta gazteei aukera ematea ekimen edo proiektu sozial, artistiko, kultural, ekologiko, ekonomiko, zientifiko, digital, teknologiko bat edo bestelakoa gauzatzeko.
“BILBAO, BALIOEN HIRIA”
Ideia-lehiaketa hau “BILBAO, BALIOEN HIRIA” ekimenaren testuinguruan kokatzen da. Europa mailan proiektu berri eta berritzailea da, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak berak sustatutakoa. Azken helburua Bilbo nazioarte mailan hiri ezaguna izatea da, baina ez hirigintza- eta gizarte-arloko eraldaketagatik, bere onera ekartzeagatik eta suspertzeagatik soilik, baizik eta errespetua eta elkarbizitza bezalako printzipioekin duen konpromisoagatik ere hiri ezaguna izatea.
“IDEIAK MARTXAN”
“Bilbao Gazte Balioak Martxan” sariak “Ideiak Martxan” programaren barruan sortu dira. Bilboko Udalak abian jarri zuen programa hori, uriko gazteen kolektiboei adore emateko sormenezko jardueren ideiak eta proposamenak aurkez ditzaten, gazteentzako udal-eskaintza aberasten dutenak.
Horrela, gazteekiko topaguneak sortzen dira, ikuspuntu integral horretatik gazteak udal-politiken partaide egiteko eta udal-politika horiek topagune horietan bertan diseinatzeko eta lehenesteko. Urte guztian zehar aurkez daitezke proposamenak. Interesgarriak eta bideragarriak izanez gero, sustatzaileekin batera landuko ditu Udalak, proiektuak gauzatzeko.
Sare sozialak:
@Bilbao_udala
@BilbaoGazte
@BilbaoBalioak
#BalioakMartxan #BilbaoBalioenHiria