Berriak

Euskadiko lehen emakume argazkilari Eulalia Abaituaren lana hedatuko dute Bilboko Portuko Agintaritzak eta Euskal Museoak

 

Euskadiko lehen emakume argazkilaria, Eulalia Abaitua Allende-Salazar,  [Bilbao, 1853-1943] izan zenaren lana emango dute ezagutzera Bilboko Portuko Agintaritzak eta Euskal Museoak. Aire zabalean egingo den erakusketa batean, 2019ko egutegia egiteko Museoak Portuko Agintaritzari lagatako 12 argazkiak jarriko dituzte ikusgai.

 


 

Balio artistiko eta soziologiko handiko lan hori hedatzen lagunduko du bi erakundeon arteko lankidetzak. Euskal Museoak gordetzen eta kudeatzen du lan hori 1990az geroztik.

Abenduaren 19tik urtarrilaren 28ra izango da ikusgai erakusketa, Bilboko Zazpi Kaleetako bi lekutan: Tomás Meabe plazan eta Gurutze kalean, Joan Santuen elizatik gertu.

Eulalia Abaituaren kamerak Bilboko eta Bizkaiko eguneroko bizimoduaren hainbat alderdi jaso zituen, industria-iraultza bete-betean zela. Naturaltasunez erretratatzen zituen Eulalia Abaituak herritar xumeak, anonimoak gehienak: sardina-saltzaileak Erriberako merkatuan; arropa-garbitzaileak Ibaizabalen ertzean; esne-saltzaileak; baserritarrak, ura garraiatzen edo lurra lantzen ari zirela..., baita itsasadarren ertzetan edo Bilboko portuan lan egiten zuten emakumeak eta gizonak ere.

Bilboko Portuko Agintaritzak eta Euskal Museoak "Ondare Kulturalaren Europako Urtea" ekimenari egiten dioten ekarpena ere bada lan horren hedapena.