Berriak

Euskal Museoak, BBK Fundazioarekin elkarlanean, San Tomaseko 71. edizioko jardueren ibilbidearekin bat egin du

 

Abenduaren 21ean, Bizkaiko erakundeak euskal jai honen irudi historikoekin osaturiko erakusketa bat hartuko du bere Klaustroan

Gainera, goiz osoan, Museoko hainbat lekutan Bizkaiko Txakolina eta Idiazabal jatorri-deitura duten txakolin eta gazta dastaketaz gozatu ahal izango da

Egun osoan, Euskal Museoko sarrera doakoa izango da

Produktu onenei zuzendutako San Tomaseko 13 sariak egun berean emango dira, Klaustroan bertan

 


 

Bilboko Euskal Museoak bere presentzia indartu du aurtengo San Tomas jai tradizionalean, eta, gainera, BBK Fundazioarekin elkarlanean. Areatzan, Arriagan eta Plaza Barrian (275 postu eta 135 ekoizle) kokatutako ohiko merkatuaz gain, Bilboko Alde Zaharrean dagoen Museoko Klaustroa izango da eguneko beste toki garrantzitsuetako bat.

Egun osoan zehar, Euskal Museoan euskal jai herrikoi horri buruzko argazki historikoekin gozatu ahal izango da. Era berean, Bizkaiko erakundeko zenbait gunetan Bizkaiko Txakolina eta Idiazabal jatorri-deiturako txakolin eta gazta dastatze komentatuak egingo dira, 25 minutuan zehar, 11:30ak eta 13:00ak bitartean. Bertan parte hartzeko, Museoan eman beharko da izena, abenduaren 21 egunaren goizean zehar.

Bizkaiko erakundeko Klaustroan biribilduko da eguna, merkatuan egon diren produktu onenei San Tomas sariak emanda. Aurten, azokan egongo diren ekoizleak 13 kategoriatan lehiatuko dira: frutak, loreak (landareak), gazta, ogia, txakolina (beltza, zuria eta gorria), talorik onena, barazkiak, eztia, euskal pastela, stand onena, ekoizle gaztea eta abereak. Aurtengo berrikuntza gisa, kategoria berri bat gehitu da, hau da, talorik onena, Bilbao Dendak elkartearen eskutik datorren saria.

Hori dela eta, nekazariei sariak entregatzeko ardura duen epaimahaia Museoko Klaustroan egongo da goiz guztian zehar, ezti, gazta, ogi eta txakolin kategorietan aurkeztutako produktuak aztertzen eta euren dastaketak egiten. Garrantzitsua da azpimarratzea kategoria hauetan (txakolina izan ezik, hori Bizkaiko Txakolina jatorri-deiturak jasoko du postuan) parte hartu nahi dutenek beraien produktua Museoan bertan aurkeztu beharko dutela, 10:00etatik 10:30era bitartean.

San Tomaseko Merkatuan dauden produktuen atzean, ahalegin eta dedikazio handia dago, eta hori historikoki onartu izan du BBK Fundazioak. Oraingo honetan, Bilboko Euskal Museoak euskal ekoizleek egindako ahalegin hori helarazi nahi du, eta euskal kulturaren zati garrantzitsua den tradizio bat erakutsi: produktu bakoitza egiterakoan, baserritarren lana eta lantzen jakite hori.

Bertako produktuak hainbat postutan egongo dira ikusgai, eta dagoen barietate handia erakutsiko dute. Barazkiak, gaztak, eztia, frutak, ogia, euskal pastela, txakolina edota kontserbak salduko dira. Horiekin guztiekin batera, “txosnak” egongo dira, eta, bertan, ohiko taloa txorizoarekin dastatu ahal izango da.

Aurten, inoiz baino gehiago, gozatu San Tomas jaiaz Euskal Museoan. Toki aproposa, euskal jai tradizional hau ospatzeko.