Berriak

MUSIKA BIZIAN FESTIBALAREN AURKEZPENA EUSKAL MUSEOAN

 

PRENTSA OHARRA

 

PALESTINA, KORNUALLES, KATALUNIA ETA EUSKAL HERRIKO TALDEAK MUSIKA BIZIAN JAIALDIAREN V. EDIZIOAN, URRIKO AZKEN ASTEBURUAN GALDAKAON (Barikua 26-Zapatua 27)

 

Estaturik gabeko herrialdeen jaialdi bakarra da. Europako, Amerikako eta Afrikako hogei taldek parte hartu dute eta 5.000 pertsona baino gehiago erakarri ditu

 

Aurten Esne Beltza eta Xabi Aburruzaga euskal kulturaren ordezkari arituko dira, Palestinatik 47 Soul musika elektronikoko laukotea etorri da, Els Groullers Kataluniatik eta Flats & Sharps Kornuallesetik

MUSIKA BIZIAN jaialdian ohikoa denez, kontzertuez gain, kalejirak eta musika-tresnak nola egiten dituzten ikusteko luthier-azoka bat ere egongo dira. Kasu guztietan sarrera dohainik izango da

 

Galdakaoko Andra Mari dantza-taldeak antolaturiko jaialdia gaur aurkeztu da Bilboko Euskal Museoan, eta bertan izan dira erakunde babesleen izenean Kulturako Foru Ahalduna eta Galdakaoko alkatea

 

BIDEOKLIP MUSIKA BIZIAN 2018: https://drive.google.com/file/d/1YusYiKxMo9fxLzSefnOZoc3K0etovolO/view

 


Deskargatu: TALDEAK


 

Bilbo, 2018ko urriaren 2a. Musika Bizian, bere bosgarren edizioan, ezaguna da jada kultur eskaintza berezi moduan: estaturik gabeko herrialdeen jaialdi bakarra da. Europako, Amerikako eta Afrikako hogei taldek parte hartu dute eta 5.000 pertsona baino gehiago erakarri ditu urtero urriko azken asteburuan Galdakaon egiten den zitara. 2018ko programa gaur goizean aurkeztu dute Bilboko Euskal Museoan, eta bertan izan dira jaialdiaren sustatzaileak (Galdakaoko Andra Mari dantza-taldea) eta babesleak: Lorea Bilbao Kulturako Foru Ahalduna, Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean, eta Ibon Uribe Galdakaoko alkatea.

Aurtengo egitarauak Palestina, Kornualles, Katalunia eta, jakina, Euskal Herriko musika-taldeak barne hartuko ditu. Horrez gain, kontzertuak zein bestelako jarduerak ere (kalejirak, umeentzako ikastaroak eta luthier azoka) dohainik Galdakaon izango dira barikutik zapatura, urriaren 26an eta 27an. Herriko Iturrondo plaza jaialdiaren muin bilakatuko da, bertan 120 metro karratuko eszenatokia eta 750 metroko karpa jarriko dira, publikoa eguraldi txarretik babesteko.

Ekimena Andra Mari Eusko Dantzari Taldeak jarri zuen abian 2014an, sei hamarkada luzez lanean diharduen taldeak, eta orain arteko edizio guztietan, Musika Bizianek bere izaerari eutsi dio: irabazi asmorik gabeko folk/rock jaialdia, estaturik gabeko nazioetako lehen mailako taldeak biltzen dituena eta kaleko musika edo familia guztiarentzako ekintzak uztartzen dituena.

Lau ediziotan, Musika Bizianek hainbat naziotako musikariak ekarri ditu: Galizia, Okzitania, Bretainia, Flandria, Korsika, Sardinia, Gales, Eskozia, Ipar Irlanda, Sahara eta Quebec. Euskal ordezkaritzarekin batera, beti ere: Kherau, Korrontzi, Kepa Junkera, Gozategi, Anje Duhalde, Ze Esatek!, Huntza eta Hesian.

Luxuzko kartela

2018ko edizioko euskal ordezkaritza Xabi Aburruzaga trikitilariaren eta Esne Beltza talde beteranoaren esku egongo da. Azken horiek hamarkada bat baino gehiago daramate reggae-a, ska edo hip hop-a eta euskal musika tradizionala nahasten.

Palestina eta Kornuallesekoak izango dira aurten Musika Bizian ekimenean entzun ahal izango ditugun bi nazio berrien musikariak. Palestinaren ordezkari gisa kultuzko talde bat, 47Soul laukotea, arituko da. Musika arabiar tradizionalaren formak tresna elektronikoekin uztartuz lortu dute, Ekialde Hurbileko arrakastarekin batera, Europako zirkuitu urnderground​ean sartzea. Bestalde, Kornuallesetik datorren Flat & Sharps taldeak bluegrass, folk, country eta poparen arteko nahasketa eklektiko bat egiten dute. Kataluniak, aurretik ere jaialdian parte hartu duen arren, errepikatu egingo du aurten Els Grullers folk seikotearekin.

Kontzertuen aurretik, Galdakaoko kaleak kalejiren erritmoz beteko dira. Aurten, alde batetik, euskal musika izango da Taberna Ibiltariaren eskutik (ostiralean) eta, bestetik, jazz tradizionala eta New Orleansko swing-a entzuteko aukera izango da Marmara Musikekin (zapatuan). Zapatuan familia osoarentzako ekintza bat antolatu da: Euskal Herri osoko luthierren azoka tradizionala; bertan ikusi ahalko dira erabiltzen dituzten musika-tresnak eta haiek sortzeko artisau-teknikak. Gainera, ikastaroak ere egongo dira txikienek artisauak eta haien teknikak ezagutuz goza dezaten.

Aurreko urteetan bezala, urriaren 26 eta 27an Galdakaoko kaleak eta plazak girotuko dituen jaialdi berri honek Galdakaoko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza jaso du, baita Ekin eta Topa Jatetxearena ere.