2018ko ASTE NAGUSIRAKO ATZERAKO KONTAKETA HASI DA KARTELA AUKERATZEKO LEHIAKETAKO SEI FINALISTAK AURKEZTUTA
Lehiaketaren irabazlea erabakitzeko herritarrek botoa eman ahalko dute datorren astelehenetik barikura; hau da, ekainaren 2tik 6ra. Botoa Euskal Museora joanda eman ahalko dute edo udalaren web-orriaren bidez zein hedabide laguntzaileen bidez.
175 kartel aurkeztu dituzte Bilboko jaien irudia izateko lehiaketara eta finalistak “Nola soinu halan zeinu”, “Zazpi bikote”, “Denok bat”, “Disfrutarás de las fiestas y respetarás las del prójimo como si fueran tuyas”, “Pinjaia” eta “Rock Stars (strike a pose)” dira.
Bilboko Udalak Aste Nagusiko kartela aukeratzeko prozesuan herritarren parte-hartzea indartu gura du. Beraz, aukeratzeko erabakiaren balioaren % 66 herritarren esku egongo da eta gainerako % 33 epaimahai espezializatu baten esku.
2018ko Bilboko Aste Nagusirako atzerako konkaketa hasi egin da, Aste Nagusia iragarriko duen kartela aukeratzeko finalista gelditu diren sei kartelak aurkeztuta. Aurkezpena egiteko prentsaurreko bat izan da Euskal Museoan eta hor eman ditu udalak ezagutzera berrogeigarren Aste Nagusiko kartela aukeratzeko lehiaketako sei finalistak.
- “Nola soinu halan zeinu”
- “Zazpi bikote”
- “Denok bat”
- “Disfrutarás de las fiestas y respetarás las del prójimo como si fueran tuyas”
- “Pinjaia”
- “Rock Stars (strike a pose)”
Guztira, lehiaketara 175 kartel aurkeztu dituzte, iaz baino % 9,4 gehiago (orduan 160 aurkeztu ziren). Jatorri askotakoak dira. Iparralde, Nafarroa, Bartzelona, Madril, Albacete, Valentzia, Sevilla eta A Coruña dira jatorriak, besteak beste; hala ere, gehienak bertokoak dira.
Epaimahaiko kideak hauexek dira: Jai Batzordeko presidente eta Bilboko Udaleko Jaietako zinegotzia den Itziar Urtasun, Asier Abaunza eta Goyo Zurro zinegotziak, Bilboko Konpartsak elkarteko kide bat eta diseinu eta komunikazio-arloko bost profesional. Diseinu eta komunikazio-arloko bost profesionalak hauexek dira: Toño Valcuende, Telecinco eta Cuatro telebisten Euskadiko erredakzioburua; Maylin Vergara, Social Media sozietateko aholkularia eta irudi korporatibokoa; Jose Felix Ruiz, Trupp Publicidad sozietateko kontu-zuzendaria eta Bizkaiko Publizitate Agentzien Elkarteko presidentea;
Miryam Artola, Muxote Potolo Bat etxeko CEOa; eta Eduardo Piedrola, Centro Superior de Diseño Kunsthal-ekoa, Epaimahaiak kontuan hartu ditu kalitate teknikoa eta lehiaketako oinarriekin bat etortzea. “Aurten aurkeztutako lan-kopurua eta haien aniztasuna sorpresa ona izan da niretzat. Lanak bidali dizkiguten pertsona guztiei eskerrak eman gura dizkiet egindako ahalegin eta lanagatik. Lehenengo aukeraketa egitea zaila izan da, Bilbon eta gure uritik kanpo kartelak duen garrantzia kontuan hartuta. Europako Hiririk Oneneko jaien aurkezpen-txartela izango da aukeratuko dugun kartela” esan du zinegotziak.
Era berean, kartel finalistak aurkezteko ekitaldian Jaietako zinegotzi Itziar Urtasunek eurek Aste Nagusiaren 40. urteurreneko kartela aukeratzeko adorea eman nahi izan die bilbotarrei. “2018ko Aste Nagusia, kartela aukeratzen den unetik, partaidetzan oinarrituta egotea gura dugu. Horrexegatik dei egiten diegu herritarrei urte berezi honetan jaiak iragarriko dituen kartela aukeratzeko prozesuan parte hartzeko”. Aurreko edizioetan bezala, bakoitzak gustukoa duen kartelaren alde egin ahalko du, ekainaren 2tik 6ra; eta botoa emateko sistema mistoa egongo; hau da, Euskal Museora joanda, modu presentzialean, zein sarearen bidez. Herritarren pisua erabakian % 66koa izango da eta epaimahaiaren % 33koa.
Honelakoxea izango da bozketaren sistema:
- Herritarren bozketa presentziala (% 33)
Euskal Museora (Unamuno plaza, 4 - Metro Zazpi Kaleak) joan eta botoa emateko ordutegia: 10:00etatik 19:00ak arte. Uztailaren 2tik, 6ra.
Ordutegia: astelehenetik barikura, 10:00etatik 19:00etara bitartean (martitzenean itxita, asteko atsedenaldia dela eta).
Botoa emateko nortasun-agiri bat aurkeztu behar da (NAN, gidabaimena edo antzekoa).
- Udalaren web-orriaren eta hedabide laguntzaileen (EITB, El Correo, Deia, Gara, Onda Vasca, Onda Cero, Cadena SER, Tele Bilbao, Radio Popular, Bizkaia Irratia, Bilbo Hiria, Orain.eus, Hamaika TB, El Nervión eta Radio Nervión) webguneen bidez egindako herritarren bozketa (% 33). Uztailaren 2tik, 6ra.
- Epaimahaiaren erabakia (% 33).Irabazleak 3000 euroko saria jasoko du eta 2018ko Aste Nagusia iragarriko duen irudia berea izateko ohorea izango du.