Euskal Museoak Espainiako Gerra Zibilari buruzko begirada faxista argitzen duen argazki-erakusketa aurkeztu du
Fu la Spagna! Espainiako Gerra Zibilari buruzko begirada faxista erakusketaz gozatzeko aukera egongo da Bizkaiko erakundean, 2018ko ekainaren 15etik irailaren 2ra bitartean.
Euskal Museoaren presidente eta Euskara eta Kulturako foru diputatu Lorea Bilbao erakusketa berriaren aurkezpenean egon da.
Erakusketa Museu d’Història de Catalunyak eta Centro di Studi sul Cinema Italianok elkarrekin produzitu dute, eta komisario-lanak Daniela Aronica eta Andrea di Michele doktoreek egin dituzte.
Erakusketan, hedabideei, legionario argazkilariei eta erakunde politiko-militarrei dagokien gatazkari buruzko materiala egongo da ikusgai.
Euskal Museoak Fu La Spagna! Espainiako Gerra Zibilari buruzko begirada faxista aldi baterako erakusketa inauguratu du. Argazki-erakusketa hau Museu d’Història de Catalunyak eta Centro di Studi sul Cinema Italianok elkarrekin produzitu dute, eta komisario-lanak Daniela Aronica eta Andrea di Michele doktoreek egin dituzte. Gerra izan zenetik 80 urte bete direla, orain, erakusketak lehen aldiz erakusten du osotasunean, argazkien bitartez, Italia faxistak gatazkan egindako esku-hartzea. Honakoak dira aurkezpenera bertaratu direnak: Lorea Bilbao, Euskal Museoaren presidentea eta Euskara eta Kulturako foru diputatua; Sorkunde Aiarza, Euskal Museoaren koordinatzailea; eta Daniela Aronica, erakusketaren komisarioa.
Artxiboetan eta liburutegietan luzaro ikertu ostean, hogei mila irudi inguru identifikatu ahal izan dira; eta, horri esker, Fu la Spagna! sortu da, argazki horien hirurehun alerekin. Benetan testigantza historikoa den erakusketa hau Euskal Museoan egongo da ikusgai 2018ko ekainaren 15etik irailaren 2ra bitartean.
Erakusketan ikusgai den argazki bakoitza kolore desberdin batez markatu da, eta, aldi berean, argazki guztiak hiru tipologiatan sailkatu dira. Kolore berdez markatutakoak Italiako prentsa ilustratuan agertutako argazkiak dira; zuriz, banakako legionarioek egindakoak; eta, azkenik, gorriz, zenbait erakunde politiko-militarretan egindakoak eta bertan gordetakoak. Hiru koloreek bandera italiarra osatzen dute, eta, aldi berean, makineria propagandistak, soldaduek eta Italiako erakundeek gerra nola ikusi eta irudikatu zuten erakusten duten begiradak azaltzen dituen elkarrizketa eratzen dute. Beti bat egiten ez duten hiru begirada dira, eta, hirurak alderatzean, dagoena eta ez dagoena agerian uzten da.
Horrenbestez, Fu la Spagna! erakusketak aditzera emango du Espainiako Gerra Zibilean faxistek egindako esku-hartzea irudikatzeko modu desberdinak, hedabideen, militarren, Gobernuaren edo legionarioen ikuspegien arabera. Begirada horiek, gatazkak aurrera egin ahala, gero eta antzekoagoak agertzen dira.
Erakusketaren arduradunek adierazgarritasuna izan dute oinarritzat, baina, 300 argazkiak aukeratzeko orduan, horien kalitate estetikoa ere izan dute kontuan. Argazkien narrazioari dagokionez, paraleloak eta elkarren osagarri diren bi ildo jarraitzen ditu; bata, belikoa, eta, bestea, tematikoa. Lehenengoak gerraren fase desberdinei so egiten die, eta arreta jartzen du Italiako esku-hartze militarrak gerran izan zuen paperean. Bigarren ildoak, bestetik, gerran faxistei dagozkien ohiko gaiak lantzen ditu. Erakusketaren beste atal bat Espainiako lurraldean lan egin zuten hedabide italiarrengandik jasotako materialak osatzen du. Haiek izan ziren, izan ere, gatazkari buruz faxista italiarrek egin zuten kontakizunaren zati handi bat sortzeko ardura izan zutenak, ez soilik ikonografiari dagokionez.
Bildumak gatazka belikoaren ikuspegi desberdinak kontatzen dituen erakusketa eratzen du, eta gai honi buruz orain arte inoiz ezagutu ez ziren argazkiak plazaratzen ditu.
Euskal Museora etortzeko aukera paregabea da.