EUSKAL MUSEOKO KLAUSTROAN TXERTATUTAKO BEIRAZKO ESTALKI BERRIA IKUSGAI
Lan hauen bidez, patioko piezak hobeto kontserbatu, eta zentroak duen espazioa zalbaldu nahi da, kulturako jarduerak egiteko.
Bi instituzioetako patroi diren Bilboko alkate Juan Mari Aburto eta Euskal Museoko zuzendari eta Euskara eta Kulturako foru diputatu Lorea Bilbao kultura-espazio berriaren aurkezpenean izan dira.
Eduardo Aurtenetxea arkitektoa arduratu da bisita teknikoa egiteaz, obraren xehetasun guztiak azaltzeko.
Klaustro berria ekainaren 13tik aurrera - asteazkena - bisitatu ahal izango da.
Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren mendekoa den Euskal Museoak estalitako klaustro berriaren ateak ireki ditu. Bisita teknikoan, Bilboko alkate Juan Mari Aburto, Euskal Museoaren zuzendari eta Euskara eta Kulturako foru diputatu Lorea Bilbao eta Museoaren koordinatzaile Sorkunde Aiarza izan dira, proiektuaren ardura duten arkitektoekin batera, eta berretsi dute estalki berriarekin klaustroan ikusgai dauden Mikeldi idoloa eta bildumako gainerako piezak hobeto babestuta egongo direla eguraldi txarretik. Izan ere, guneak etengabe izaten ditu hezetasunak eragindako kalteak. Bestalde, Euskal Museoak eta Bilboko hiriak estalitako espazio berri hau izango dute hemendik aurrera, gehienbat kultura-arloko jarduerak egiteko. Jendeak ekainaren 13tik –asteazkena– aurrera izango du ikusgai.
Espazioa estaltzeko lanen bidez, Museoa egitura berri batez hornitu da, hain zuzen, museoaren egungo irudian ezin hobeto txertatuta geratu den beirazko prisma batez. Lehiaketa irabazi zuen A+PI Arquitectosarkitektura-estudioa arduratu da proiektua idazteaz eta obra zuzentzeaz. Lan hau ez da inbaditzailea, estalkiak eraikinaren egungo itxura errespetatzen baitu. Eraikuntza-lanetan, Bilboko Zazpikaleetan dauden eraikinek bete beharreko hirigintzako araudia betetzeaz gain, eraikinak duen babes berezia hartu da aintzat.
XEHETASUN TEKNIKOAK
Klaustro berria aurkeztean, A+PI Arquitectosestudioko Eduardo Aurtenetxea arduratu da bisita teknikoaz, proiektuari buruzko xehetasun guztiak emateko.
Obraren ardura duen arkitektoen taldeak azaldu duenez, beirazko gorputz prismatiko bat jarri da estalki gisa, eta beste maila bat sortu da. Horrela, klaustroko espazioa zabaltzeaz eta arintzeaz gain, argitasunez hornitu da, asmatu zutenean kanpoaldeko espazioa izan zedin izan zuten ideiarekin bat etorrita. Hortaz, konponbide honek eraikinaren arkitektura eta neurriak errespetatzen ditu, hain zuzen, barroko klasizista goiztiar estiloko klaustroarenak, baina guztiz garaikidea den ikuspegia izanda, eta euskal arkitektura ilustratuak izan duen soiltasuna eta apaindura gutxiko izaera ahaztu gabe.
Teknikoki, oso egitura arina jarri da, obra soila eta ekonomikoa eginez, obran bertan muntatu diren elementu bakartuak izan direlako. Xehetasun horrek garrantzia du, eraikinaren kokapena eta konfigurazioa aintzat hartuta. Estalki berriak norabide biko konposizioa du, eta klaustroari eusten dioten egungo ardatzak errespetatzen ditu. Horrela, zutabeetatik hasi, eta diagonalez hornitutako 3x3 metroko karratuen sare-begi bat eratu da, eta tirantez finkatutako egitura bertikal batez osatu da. Tirantez finkatutako egiturako elementu bertikalak aprobetxatu dira klaustroko argi-guneak haietan kokatzeko. Bestalde, argitasuna erregulatu daiteke, erabilera aldetik egon daitezkeen beharrizan desberdinen arabera eta berez dagoen argia osatzeko. Obraren inbertsioa 356.107,53 euroan finkatu da. Kopuru horri arkitektoari, aparejadoreari eta segurtasunaren koordinazioari dagozkion gastuak gehitu behar zaizkio.
HILABETEAK LANEAN
Espazio berri hau hainbat hilabetez egindako lanaren emaitza da. 2017ko lehen hiru hilabeteetan, lehiaketa bat egin zen, bi fasetan, proiektua idazteko, epaimahaiak esku hartuta. Guztira, 20 proposamen aurkeztu ziren proiektura, eta epez kanpo aurkeztutako beste proposamen bat ere izan zen.
Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak eratu zuten epaimahaia. Hogei proposamenetatik, hamaika bazter utzi zituzten, ez baitzuten maila egokirik funtzioko eta egiturazko integrazioari, irudi arkitektonikoari eta konponbide energetikoari begira. Bigarren ebaluazioan, beste sei proiektu baztertu zituzten, ez baitziren behar bezala egokitzen irudi arkitektonikora. Hiru finalistak bigarren fasera igaro ziren, eta bakoitzak 1.000 euro jaso zituen aurreproiektua idazteagatik. Hautatutako A+PI Arquitectosestudioaren proiektua uztailaren 17an kontratatu zen, eta, ordutik aurrera, estudioak 30 eguneko epea izan zuen obra betearazteko proiektua aurkezteko.
Azkenik, azaroan obra esleitu zen, hain zuzen, Construcciones Castellano enpresari esleitu zitzaion. Obra 6 hilabeteko epean egin da, bi fasetan, eta, aldamioak jarri direla aprobetxatuta, klaustroko fatxada garbitu da eta dituen patologiak aztertu dira.