Berriak

Bilboko Aratuste handiaren programazioaren aurkezpena Euskal Museoan

 

Negu euritsu eta hotz honen erdian, kaktus, basamortu, indio eta bakeroak burura ekarrita, Aratusteen egitarau zabala aurkeztu dute gaur Bilboko Jai-batzorde mistoko kideek, Bilboko Euskal Museoan.

 


 

Zapatu honetatik, otsailak 3, martxoaren 13ra bitartean, Bilboko Aratusteak ospatuko dira. Jai-batzorde mistoak gaur egin duen agerraldian azaldu duenez, “denbora luzez urre bila aritu ostean, duela lau urte abiatu genuen asmo handiko Aratuste eredua, eta sendotze-bidean dagoen altxorra dugu jada”. Beterik ekarri dute zakua, “jende askotarikoaren gozamenerako proposamenez lepo” gehitu dutenez. Gainera, programako ekintzetako batzuk nabarmendu dituzte.
 
Otsailaren 3an, zapatuan, antzinatik berreskuratu eta sendotutako kopla txikien lehiaketa izango da. Aurten Kafe Antzokian ospatuko da kantuz, umorez, satiraz eta mozorroz beteriko ekitaldia. Guztiontzako ireki eta doakoa, eta, amaiera gisa, The Bon Scott Band taldearen doako kontzertua izango da gozagai. Ekimen horrekin abiatuko dira aurtengo Aratusteak.
 
Eguen Gizenean, otsailak 8, berrikuntza izango da aurten; iluntzean, Fritanga elektrotxarangarekin girotuko baitira Zazpi Kaleak eta, ondoren, bi talderen kontzerturekin jarraituko du jaiak Plaza Barrian: Mississippi Queen taldea lehenengo, eta Ou Mama, ondoren.
Aurkezpenean, deia egin diete bilbotarrei aspaldiko Bilboko mozorro tradizionalak ere haien etxeetan prestatu ditzaten: Higi, Hartza, Fraisku, Momo, Monja eta Turko mozorroak, hain zuzen ere, eta Bariku Mehean, otsailaren 9an, mozorro horiek jantzita joan daitezen Farolin eta Zaranbolasi Plaza Barrian egingo dieten epaiketara.
 
Eta Aratuste Zapatuan, otsailaren 10ean, kalera ateratzera deitu dute. Izan ere, Aratusteek Bilboko erdigunea hartuko dute bete-betean, egun osoz, zapatuan: festa, besterik ez da izango. Kale Nagusia sukalde erraldoi bilakatuko da, eta eguna jai gunean ematen dutenen abenturazale nekaezinentzako herri bazkaria prestatuko dute Albiako karpan. Gainera, hamaika ekitaldiz beteriko programa osatu dute inguru horretako hainbat gunetan: umeentzako tailerrak, kontzertuak, fanfarre eta erraldoiak, mozorroen kalejira-lehiaketa… Arratsaldeko 19:30etan, Plaza Biribilean emango zaio itxiera jai guneari: 1985ean Bilboko Aratusteetako kopla txikien lehen lehiaketa irabazi zuen kopla kantatuko dute, atzera kontua egin eta… “baietz aurten botila erraldoiari kortxoa kendu!” desafioa bota dute Jai Batzorde mistoko kideek.
 
Bestalde, agerraldian argi utzi dute ez dutela onartuko emakumeon aurkako erasorik mozorro artean ezkutatzerik: “Aratusteetan ere festa aske bizi nahi dugulako, halakoek ez dute lekurik gure territorioan! Kaleak, gauak eta jaiak geureak dira!”.
Bilboko Konpartsekin eta Udalarekin elkarlanean dabiltzan eragile guztien lana goraipatu eta eskertu dute. Adierazi dutenez, “Aratuste-eredu hau urruneko mendebaletik eta Bilboraino ekartzeko esfortzuan ez gaude
 
bakarrik, gurekin ditugu zaldi gainean hainbat eta hainbat lagun. Oso argi dugu; Bilbotar guztion artean eraiki behar dugu, eta pozik esan dezakegu gure karabanara gehitu direla jada Bilbo erdialdeko eta Alde Zaharreko eragile asko eta asko: tabernari, dendari, auzo-elkarte,... Eta nahaste zoro eta koloretsu horretan, abenturazale garrantzitsuenak zaratenok gonbidatu nahi zaituztegu gaur: kaleko jende, gazte edo zahar, bilbotar peto edo bisitari, izan bidaiari edo errefuxiatu, danak zarete ongietorriak, guztion artean Bilboko Aratuste Handiak eraikitzeko”.
 
Nabarmendu dituzten ekintzez gain, aski ezagunak eta ospetsuak diren igandeetako txapelketa gastronomikoak aurkeztu dituzte: pontxe eta torrada txapelketa, otsailaren 4an, eta neguko giroan sabelak epeltzeko, sasoi betean dauden bertoko indaben txapelketa, otsailaren 11n. Bariku mehean eskola-umeen desfilea izango da eta, astelehenean, familientzako kontzertua Plaza Barrian, Bilboko Udal Musika Bandaren eskutik. Eta martitzenean, “negar eta su artean, gure sardina maiteari egingo diogu agurra”, aipatu dutenez. Egitarau-liburuxkak doan eskuratu ahal izango dira taberna, udaltoki eta abarretan.