Berriak

ANE ALBISUREN HITZALDIA-FRIVOLITÉ

Ane Albisu diseinu eta moda adituak hitzaldia emango du Euskal Museoan, XVIII. mendeko piezez inguratuta

 

Hitzordua 2018ko urtarrilaren 11n izango da, 19:00etan, Bizkaiko erakundean. «FRIVOLITÉ, XVIII. MENDEKO SOINEKOETATIK HARAGO» izenburupean, Albisu Museoan ikusgai dagoen aldi baterako erakusketan murgilduko da, eta hura osatzen duten trajeak banan-banan aztertuko ditu. Doako jarduera da, ele bitan egingo dena, eta ez dago aurrez izena eman beharrik. 

 


 

Euskal Museoaren Frivolité. XVIII. mendeko jantziak aldi baterako erakusketak urtarrilaren 28an itxiko ditu ateak beste proiektu batzuei bidea emateko, baina, hori baino lehen, Ane Albisu diseinu eta moda aditu entzutetsuak erakusketari amaiera bikaina emango dio. Hala, 2018ko urtarrilaren 11n, ostegunean, hitzaldi bat emango du Euskal Museoan, izenburu honekin: «FRIVOLITÉ, XVIII. MENDEKO SOINEKOETATIK HARAGO».

Hitzaldia doakoa izango da, eta San Telmo Museotik datorren «Frivolité» erakusketaren bi arlo jorratuko ditu. Batetik, egun Euskal Museoan dagoen XVIII. mendeko piezek osatutako bilduma zein hura osatzen duten trajerik esanguratsuenak aztertuko ditu. Bestetik, erakusketari buruz hitz egingo du; erakusketaren diskurtsoa zein den azalduko du, bildumaren ezaugarriak kontuan izanik.

Guztiok zaudete gonbidatuta jarduera honetara; ez dago aurrez izena eman beharrik, eta ele bitan egingo da. Urtarrilean, Euskal Museoak modari eskainiko dizkion hiru jardueretako bat da honakoa. Euskal Museoko «Modaren hilabetea» osatzen duten beste bi jarduerak hauek dira: Soledad Santistebanek jantzien kontserbazioari buruz egingo duen tailer bat (jada beteta), eta goi jantzigintzako masterclass bat, Javier Berroeta diseinatzaile ezagunak eskainitakoa. Jardunaldi horiekin, Museoak omenaldia egin nahi dio «Frivolité. XVIII. mendeko jantziak» izeneko erakusketari, azken hilabeteetan harribitxiz bete baititu bertako aretoak.

 

 

Oinarrizko informazioa

 

Ane Albisuren hitzaldia

Eguna: 2018ko urtarrilaren 11

Ordua: 19:00etan

Lekua: Euskal Museoa

Prezioa: Doakoa

Ez da aurrez izena eman behar

 

 

 

ANE ALBISU IRIARTE (Donostia, 1960)

 

FORMAKUNTZA

Euskal Filologian Lizentziatua Deustuko Unibertsitatean 1982an. Jantziarekiko joera haurtzaroan azaldu zuen jada sei urte zituelarik jantzi eta diseinuak eginten hasi zen bizilagun jostunaren gidaritzapean. Joskintza eta patroigintza ikastaroak egin baditu ere esan liteke bere formakuntza, hein handi batean, autodidakta dela bai arlo teoriko baita praktikoan ere. 2010-11 ikasturtean EHU-UPVn  Especialista Universitario en Diseño y Moda deritzon graduondokoa atera zuen, praktikak Donostiako Sastrería Cortés deritzonean egin zituelarik. Balenciaga Museoak antolaturiko hainbat ikastaro egin ditu: brodatu tradizionalena, tindaketa naturalena, manikiena, ikuskizunetako jantziena, Javier Martinen Masterclassa.

 

IBILBIDE PROFESIONALA

70eko hamarkada amaieran hasi zen tradiziozko jantzi eta janzkeren arloan lanak eta ikerketak egiten. Hasiera batean Jakintza Dantza Taldean eta ondoren Argian, Ikerfolken eta baita Eusko Ikaskuntzako Folklore sailean ere.

Jantzigintzaren arloan lan egiten badu ere, bere ibilbide profesionala ikerketara eta diseinura zuzendu ditu hein handi batean.Landa lanari buruzko ikastaroak egin eta hainbat lan egiten ditu bai jantzi eta bai janzkeren arloan: ikerketa, diseinua, aholkularitza eta irakasle lana.

Hainbat antzerki obra, dantza konpainia eta telebista programatan parte hartu du jantziaren arloan. Bai jantzigintzan, muntaian, diseinuan baita aholkularitzan ere.

90eko hamarkada hasieran martxan jarritako Ikerfolk erakundeko Atondu deritzon ekimenerako eginiko diseinuak, azken urteotan Euskal Herriko festarako jantzietan eman den eraldaketaren aitzindari izan dira.

Ikastola, dantza talde eta kultur erakunde askotako jantzien diseinatzaile eta aholkulari lanak egiten ditu: Santo Tomas Lizeoa, Goizaldi dantzari taldea, Txakoliñaren Kofradia….

Irakasle eta dibulgazio lanei dagokienez, azken 25 urteotan hainbat hitzaldi eta ikastaro ematen ari da bai Euskal Herrian (Kultur Etxeetan, Museoetan, Eskoletan, Mondragón Unibertsitatean…),  baita Euskal herritik kanpo ere ( Madrileko Museo del Trajen , Ameriketako Estatu batuetako Reno(Nevada)ko Univertsitateko Zenbat Gara Dantza taldean,  San Franciscoko Euskal Etxean eta Boiseko(Idaho) Euskal Museoan).

2006abATONDU, XXI. MENDERAKO PROPOSAMENA, ELKAR-DONOSTIA liburua argitaratu zuen

Tradiziozko jantzi eta janzkerari buruzko hainbat artikulu idatzi ditu Eusko News eta Dantzan.eus aldizkari digitaletan.

2006tik Ikerfolkeko jantzi sailaren zuzendari gisa, Donostiako San Telmo Museoarekin ari da elkarlanean bertako Jantzi eta Ehun bilduman ikerketa, kontserbazio, katalogazio, erosketarako aholku lanak egiten dituelarik, hala nola, erakusketetan parte hartu eta bertako piezen inguruan hitzaldi, taller eta beste hainbat ekimen antolatu. Horretaz gain, bertako hainbat piezei buruzko ikerketa zehatzak egin ondoren, hauei buruzko hitzaldi eta tailerretan parte hartzen du.

Nahiz eta diseinatzaile arloan egiten duen bere jarduera profesionala, maila murriztuan eta enkarguz  diseinatu ez ezik jantziak ebaki eta josi ere egiten ditu.