Euskal Museoko klaustroak eraikinean integratutako beirazko estalki bat izango du 2018. urtearen hasieratik aurrera
Azaroan hasi ziren lanak, eta patioan dauden piezak hobeto kontserbatzea eta jarduera kulturalak egiteko museoaren gunea handitzea du xede
Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren mende dagoen Euskal Museoak estalitako klaustro bat izango du 2018ko lehen hileetatik aurrera. Proiektu honekin, klaustroko patioaren giro baldintzak nabarmen hobetu nahi dira. Hala, estalkiak Mikeldi idoloa eta Klaustroan ikusgai dauden bildumako beste zenbait pieza klimaren eraginetik babestuko dira, izan ere, gune horretan, hezetasunak behin eta berriz sortzen ditu kalteak.
Gainera, Euskal Museoak eta hiriak nagusiki jarduera kulturaletara bideratutako espazio bat irabaziko dute; orain arte nahiko zaila izan da hori, aire zabalean egonik, ezin baitzen erabili euria ari zuenean.
Estalpearen lanekin prisma eran egindako beirazko estruktura bat jarriko da Museoan, eta gaur egungo itxurarekin ezin hobeto integratuko da. Lehiaketa irabazi zuen A+PI Arquitectos arkitektura estudioak idatzi du proiektua, eta, une honetatik aurrera, lanak zuzentzeko ardura izango du. Lana ez da izango erasokorra; estalpeak egungo eraikina errespetatuko du, izan ere, eraikuntzak, Bilboko Alde Zaharrean kokatutako eraikinek bete beharreko hirigintza araudiaren araberakoa izateaz gainera, babes berezi bat dauka.
Xehetasun teknikoak
Proiektuko estalpea egiteko, beirazko prisma bat jarriko da; hala, maila bat gehitzen da, eta klaustroko espazioari irekitasun eta arintasun handiagoa ematen dio, baita argitasun handiagoa ere, eta, era berean, koherentzia gordetzen da kanpoko espazioa sortzeko orduko arrazoiarekin. Beraz, eraikinaren arkitektura eta proportzioak (batez ere, barroko klasizista goiztiar estiloko klaustroarenak) errespetatzen dituen irtenbidea da: erabakitasunez ikuspegi garaikide batetik pentsatua da, baina ilustrazioko euskal arkitekturaren soiltasuna gogoan dugula.
Teknikoki, oso egitura arina diseinatu da, obran erraz jartzekoa eta ekonomikoa, izan ere, obran bertan muntatzen diren zenbait elementuz osatuta dago; kontu garrantzitsua da hori, eraikinaren kokapenari eta konfigurazioari begiratuz gero. Bi norabidetako konposizio batekin, estalki berriak errespetatu egiten ditu klaustroaren egungo euste ardatzak. Hala, zutabeetatik 3x3 metroko karratu sare bat sortuko da diagonalekin, eta tirantez finkatutako egitura bertikal batekin osatuko da. Tirantez finkatutako egiturako elementu bertikalak aprobetxatuko dira klaustroko argi puntuak jartzeko, eta argiztapena erregulagarria eta egun dagoenaren osagarri izango da, erabilera-behar desberdinei erantzuteko.
Lanen inbertsioa 356.107,53 euroan dago finkatuta. Horri arkitektoaren, arkitekto teknikoaren eta segurtasun koordinazioaren gastuak gehitu behar zaizkio.
Hilabeteetako lana
Hasi berri diren lanak hilabeteetako lanaren emaitza dira. 2017ko lehen hiruhilekoan, proiektua idazteko lehiaketa bat egin zen, bi fasetan eta epaimahaiarekin. Hala, guztira 20 proposamenek izan zuten proiekturako aukera, eta beste bat epez kanpo entregatu zen.
Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak osatu zuten epaimahaia. Hogei proposamenetatik hamaika alde batera utzi zituzten, ez zeukatelako maila egokia integrazio funtzional eta estrukturalari, irudi arkitektonikoari eta irtenbide energetikoari dagokienez. Bigarren ebaluazioan, beste sei proiektu baztertu ziren, ez zirelako egokitzen irudi arkitektonikora. Hiru finalistak igaro ziren bigarrenera, eta 1.000 euro jaso zituen bakoitzak aurreproiektu bat idazteagatik. Hautatua, A+PI Arquitectos, uztailaren 17an kontratatu zen, eta, une horretan hasita, 30 egun izan zituen egikaritze-proiektua entregatzeko.
Azkenik, azaroan, obraren esleipena egin da, eta Construcciones Castellano izan da esleipenduna. Aurreikusten da estaltzeko lanek 4 bat hilabete irautea.