Berriak

GALDEKETAUN LEHIAKETAREN IV. EDIZIOA

 

GABONETAN ABIATUKO DA GALDEKETAUN LEHIAKETAREN IV. EDIZIOA, GAZTE BILBOTARREK EUSKARAZ JOLASTU ETA IKASTEKO AUKERA IZAN DEZATEN APLIKAZIO DIBERTIGARRI BATEN BIDEZ


 

GALDEKETAUN 12-17 urteko gazteentzat da, eta  Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak sustatutako ekimena da,  www.nontzeberri.com atari kulturalaren laguntzarekin.  

·      Aurtengo edizioan Bilboko Itsasadarra Itsas Museoaren, Euskal Museoaren eta Artelan Berreginen Museoaren kolaborazioa izan du jolasak, Bilboko eta Bizkaiko kulturari, historiari eta itsasadarrari buruzko itaunak proposatu baitituzte.

·      Test motako formatua du eta puntuazio altuena lortzen duena sarituko da, baina horrez gain, bestelako sariak ere zozkatuko dira parte-hartzeagatik eta lehenengo hamarren artean geratzeagatik.

·      Lehiaketa abenduaren 1etik urtarrilaren 31ra egingo da.

·      Lehiaketari buruzko informazioa guztia eta APP-a deskargatzeko esteka www.galdeketaun.eus  webgunean aurkitu daiteke.

 

Gabonekin batera, aurten ere hemen dugu gazteentzako Galdeketaun programa. Abenduaren 1etik urtarrilaren 31ra bitartean, 12-17 urteko gazte bilbotarrek Galdeketaun aplikazioa jaitsi ahal izango dute euren eskuko telefonoetan, haren bidez euskaraz jardun eta jolas dezaten.

Bilboko Udalak,  www.nontzeberri.com kulturaren atariaren laguntzarekin, aplikazio mugikorraren formatua duen “Galdeketaun” lehiaketaren laugarren edizioa jarriko du abian, 12 eta 17 urte bitarteko gazte bilbotarrentzat.  

Ekimen horren bitartez, Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak euskarazko tresnak baliatu nahi ditu adin-tarte horretako gazteekin, euskara hizkuntza ludiko moduan eta jakintzarako erabil dezaten.

Ausazko zenbait itaunek osatzen dute lehiaketa, eta bertan kultura, kirola, artea, geografia, Bilbo bera, Bizkaia eta Athletic-en inguruko galderak izango dira, besteak beste. Test motako itaunak dira, hau da, galdera eta erantzuna dutenak. Parte-hartzaileak ahalik eta punturik gehien lortu behar du denbora jakin batean.  

Zenbat-nahi aldiz olgetako aukera ematen du hilabete bi iraungo duen lehiaketak, abenduaren 1etik urtarrilaren 31ra.  Puntuazio altuena lortzen duena sarituko da, baina horrez gain, bestelako  sariak ere zozkatuko dira bertan parte hartzeagatik eta baita lehenengo hamarren artean geratzeagatik ere.  Hortaz, edonor izan daiteke saridun.

Iazko edizioan Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak bat egin zuen ekimenarekin. Aurten ere bai. Hain zuzen ere, itsasadarrari, kostaldeari eta uriko itsas-kulturari buruzko galderak proposatu ditu. Euskal Museoa eta Artelan Berreginen Museoa aurten batu dira ekimenera, Bilboko eta Bizkaiko historiarekin, eskulturarekin, pinturarekin, geografiarekin, azken batean, gure kulturarekin, lotutako itaunak eginez.

Aurten aurreko edizioetako galderak kendu eta ehunka itaun berri eta zail sartu dira, horietako asko hiru museoen ekarpenari esker. Jolasak denbora-pasa sustatzen du, eta zenbat-nahi aldiz jolas daiteke, euskaraz jardunez euskal kultura ikasteko.

 

ZELAN PARTE HARTU

Jokoa “Google Play Store”tik jaitsi behar da eskuko gailuetara.  Lehiatzen hasi aurretik, parte-hartzaileek erabiltzaile-izena eta bestelako datu batzuk adierazi behar dituzte erregistratzeko.  Telefono-zenbakia erabiltzailearen izenari lotua izango da, eta hortaz, ezingo dute jolastu erabiltzaile batek baino gehiagok telefono-zenbaki berberarekin.

Joan den urtean, berrehun bat jokalari ibili ziren norgehiagoka, baina harrigarriagoa da 10.000 bider baino gehiago jolastu zutela.  

Datu pozgarri horrek adierazten du euskara jolaserako hizkuntza erraz eta arrunta dela gazte bilbotarrentzat, eta era berean, APP hau oso erakargarri bilakatu eta dinamikoa dela, euskaraz jolasteaz gain, kultura eskuratzeko aukera ere ematen duelako.  Aurtengo erronka 200 jokalari eta 10.000 partida baino gehiago lortzea izango da.

Lehiaketari buruzko informazioa guztia eta APP-a deskargatzeko esteka www.galdeketaun.eus webgunean aurkitu daiteke.