TINTA KANTAURIARRAK ARRASTOA UTZI DU EUSKAL MUSEOAN
Bizkaiko erakundeak ilustratzaile asturiar, kantabriar eta euskaldunen erakusketa kolektiboa hartu du urriaren 7tik 19ra. Gaiak Kantauri Itsasoarekin erlazionatuta egon dira.
Tinta kantauriarra erakusketak honako gai hauek jorratzen ditu: itsas paisaia, tradizioak, mitoak eta itsasoa, gozatzeko leku eta baliabide gisa. Urrian zehar, erakusketa eder honen parte diren lan guztiez gozatzeko aukera izan da Euskal Museoan. Bilboko ANTI Liburudenda, Santanderreko Gil eta Gijóngo El bosque de la maga colibrí liburu-denden arteko lankidetzaren emaitza den ekimen hau Estoy en el Mapa proiektuaren barruan dago. Proiektua Bilbo, Santander eta Gijóngo udalen Tan Cerca programak finantzatu du. Horren bidez, kulturaren munduko profesionalen arteko trukea sustatu nahi dute.
Lanek xehetasun guztiak zaintzen dituzte, eta tintaz egindako altxor ikusgarriak dira. Egileak Eli García, Susanna Martín,Virginia Moncalián, Elsa Poveda, Paula Prieto, Adri Santiago, Dudel Sea, Alicia Varela eta Patricia Villamarín dira. Euskal Museotik, bisita berezi hau eskertu nahi dugu; izan ere, erakunde honen historian garrantzi handia izan du.