BILBOKO ASTE NAGUSIA GERTUAGO DAGO, 2017KO ASTE NAGUSIA IRAGARTZEKO KARTELA HAUTATZEKO LEHIAKETAKO SEI KARTEL FINALISTAK AURKEZTUTA EUSKAL MUSEOAN
2017ko Aste Nagusirako atzera-kontaketa hasi da. Aste Nagusia iragarriko duen kartela aukeratzeko lehiaketako sei kartel finalistak aurkezteak inflexio-puntua markatzen du eta herritarrei gogorarazten digu zein garrantzitsua den gure partaidetza kartel irabazlea aukeratzeko orduan; irabazlea herritarren botoen bidez erabakiko baita; bozketa ekainaren 19tik 23ra bitartean izango da.
Kide gehienak diseinuaren arloko profesionalak dituen epaimahaiak lan hauek aukeratu ditu: ‘MARI ETA BALI’, ‘DANON ARTEAN ALTXA DEZAGUN MARIJAIA!’, ‘CHUPA TXUPI PREGO’, ‘BILBOKO TAUPADAK KALEETAN OZEN’, ‘TODOS DISTINTOS. TODOS IGUALES’, ‘GAUPASA!’ Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Saileko zinegotzi ordezkari eta Jaietako Batzordeko presidentea den Itziar Urtasunek finalistak nortzuk diren iragarri du gaur goizean; kartel horiek aurkezteko ekitaldian alboan izan ditu epaimahaiko gainerako kideak.
160 kartel aurkeztu dira lehiaketara, iaz baino % 29 gehiago. Kartelak Bilbotik eta beste hainbat lekutatik aurkeztu dituzte, besteak beste, Bartzelonak, Valentziak, Leonek, Burgosek, Madrilek, Sevillak, Kantabriak, Lleidak, Huelvak, Gipuzkoak eta Nafarroak presentzia izan dute lehiaketan.
Epaimahaiak, atea itxita dutela egindako aukeraketan, kontuan hartu du kartelaren kalitate teknikoa eta lehiaketako oinarriak errespetatu izana. Kide gehienak diseinuaren arloko profesionalak dira epaimahaian; hauek dira: Jokin Aspuru, Getxophoto-ko zuzendaria eta komisarioa; David Abajo, diseinatzaile grafikoa; Leire Fernández, EHUko Arte Ederretako Fakultateko irakaslea; Diego Rey, Adtonic-eko zuzendaria eta Higinia Garay, diseinatzaile grafikoa. Gainera, Bilboko Udaleko Asier Abaunza eta Samir Lahdou zinegotziak, Bilboko Konpartsak-eko ordezkari bat eta Itziar Urtasun ere epaimahaiko kideak dira.
HERRITARREN BOZKETA ETA IRABAZLEA
2017ko Aste Nagusiko irudi irabazlea sistema mistoaren bidez aukeratuko da; herritarren bozketak (% 66ko balioa izango du) izango du pisurik handiena. Honelaxe geratuko dira aukeraketaren portzentajeak:
- Bozketa presentziala (% 33), Euskal Museoan, han egongo baitira erakusgai kartel finalistak irabazlea aukeratu arte. Ekainaren 19tik 23ra bitartean eman ahal izango da botoa, 10:00etatik 19:00etara astelehen, eguazten, eguen eta barikuan, eta 10:00etatik 14:00etara martitzenean, hilaren 20an. Botoa emateko NANa, gidabaimena edo antzeko egiaztagiriren bat erakutsi behar da.
- Udalaren webgunearen eta hedabide laguntzaileenen bidez egindako herritarren bozketa (% 33). Aurten, hauek dira hedabide horiek: ETB, Correo, Deia, Gara, Onda Vasca, Radio Bilbao, Bilbao 24 horas, El Nervión, Radio Nervión, TeleBilbao, Radio Popular, Bizkaia Irratia eta Onda Cero.
- Epaimahaiaren irizpena(33%).
Irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du eta Bilbo ordezkatuko du jaietan, abuztuaren 19tik 27ra bitartean.