AGUR KARMELE
Deskargatu: BIDEGILEAK BILDUMA: KARMELE GOÑI
KARMELE GOÑI AUZMENDI (Tolosa, 1926 - Bilbao, 2017)
Gipuzkoarra jaiotzez, bilbotarra adopzioz, euskal herritarra eta euskalduna sentimenduz, bihotzez eta bokazioz.
On Jose Migel Barandiaranen eskutik, gazte-gazterik hasi zen lanean euskal kulturan eta euskal kulturaren alde, Aranzadi Zientzia Elkartean eta Etniker Gipuzkoa taldeetan. Bilbora etorrita, etnografiaren esparruan ikertzen jarraitu zuen, eta, aldi berean, Bilboko euskarazko lehenengo irakaskuntza-zentroaren sorreran hartu zuen parte, hau da, Resurrección Mª de Azkue ikastolaren sorreran.
1980an, Museoaren zuzendaritzara sartu zen, eta, kargu horretatik, erakundea modernizatzeko lan garrantzitsua egin zuen, instalazio eta zerbitzuak handituz, bildumak biziberrituz eta profesionalen talde bat gehituz. Modu horretan, euskal ondare kulturalaren kontserbazioa eta zabalkundea bultzatu eta sendotu zuen, hori baita zentro honen zeregina. 1997tik, lan-bizitzatik erretiratuta egon da, baina ez zituen bere ikerketak eta kolaborazioak albo batera utzi; izan ere, jende asko etortzen zitzaion laguntza eske, berak hainbeste maitatu zuen Herri honen identitatea osatzen duten ezaugarrien berri emateko eta ikusarazteko. Hain zuzen ere, Karmele Goñik etengabeko konpromisoa izan du gure Herriarekin.
Bere bizitza osoan, hainbat omenaldi eta sari jaso izan ditu, egin duen ibilbidearen merezitako aitortza gisa: 1995eko Don Andrés de Mañaricua Saria,1997ko Portugaleteko Elai-Alai dantza taldearen omenaldia, 2004ko Durangerriko Teila, 2004ko Sabino Arana Fundazioaren saria “Bizitza osoaren ibilbideari”, 2012ko Lauaxeta Saria, Labayruko Ohorezko Laguntzailea 2014, Bilboko Ospetsua 2015ean… Eurekin guztiekin batera, hona hemen Museoan igaro zituen urteak berarekin bizitzeko zortea izan genuenon esker ona, errespetua eta maitasuna, bai eta berak handi bihurtu zuen erakunde honetara geroago sartu garen guztiona ere. Berak utzitako ondareak betiko jarraituko du gure artean.
Fede handiko emakumea izanik, gaur atseden hartzen ari da, bizitza osoan bere bikotekide maitea izandako José María Mugicarekin batera… Museotik, saminean bat egiten dugu bere familiarekin, eta bat gatoz bere galeraren sentimenduarekin. Zugandik bereziki hurbil sentitzen gara, Amaia Mujika Goñi. Goian bego.
Sorlekura, iturrira
laino gisa, soilik
itzultzen dira urak.
Sorlekura, iturrira
oroiminez, soilik
itzultzen dira bideak.
Oi, ur eta lainoak
bideak eta oroiminak!
zer izanen naiz ni bihar,
iturrira, sorlekura itzultzean!
Lainoa izanen naiz?
Oroimina izanen naiz?
Joseba Sarrionandia, Sorlekuaren kanta