Petronorrek eta Labayru Fundazioak Euskal Herriko Etnografi Atlasa digitalizatzeko hitzarmena sinatu dute Euskal Museoan
Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Ander Manterola etnografoa, Etnografi Atlaseko Zuzendaria eta Labayruren sortzailea izan dira ekitaldiko buru. Hitzarmen honi esker, 100 ikertzaile baino gehiagok 40 urtetik gorako epean osatutako lan mardula jarriko da sarean eskuragarri
Adolfo Arejita Labayru Fundazioko Zuzendariak eta Emiliano López Atxurra Petronorreko Presidenteak On Joxemiel Barandiaran zenaren ondarea jatorri duen Euskal Herriko Etnografi Atlasa digitalizatzeko lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur. Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Ander Manterola etnografoa, Etnografi Atlaseko Zuzendaria eta Labayruren sortzailea izan dira ekitaldiko buru.
Hitzarmen honi esker, euskaldunen bizimodu, ohitura eta sinesmei buruzko informazio mardula jarriko da sarean eskuragarri. Lanaren corpusa Euskal Herria osatzen duten lurralde guztietako 100 ikertzaile baino gehiagok landu dute 40 urtetik gorako epean, Etniker Euskal Herria delako taldeetan antolatuta. Emaitza 8.000 orrialde eta 2.000 irudi inguru dituzten zortzi liburuki tematikotan bildu da. Ondare honek gure jatorri kulturalak hobeto ezagutzeko aukera emango du, adituen nahiz interesdunen eskura jarriz. Horrez gain, ezagutza hori guztia gure esparru geografikotik kanpo zabaldu eta beste kultura batzuetako ikertzaileek azterketa konparatiboak egitea ahalbidetuko du.
Etnografi Atlasa
Hirurogeiko hamarkadaren hasieran, nekazaritza, abeltzaintza eta artisautza bezalako bizimodu tradizionalak gainbeheran zeuden, industrializazioa areagotuz zihoan neurrian. Komunikabide berriak (irratia, telebista) eta lokomozio-bide pribatuak ere eskuin-ezker zabaltzen hasiak ziren. Ondorioz, pentsamoldeak aldaketa-prozesu bizkor batean sartu ziren.
Eta ez bakarrik Euskal Herrian. 1965ean, Europako Etnologiari buruzko Nazioarteko Konferentziak hainbat atlas etnografiko lantzeko eskaria luzatu zuen, Europa osoan gertatzen ari zen eraldaketa kulturalaren aurrean.
Testuinguru hartan, Nafarroako Unibertsitateak berrikitan sortutako euskal etnografia katedra zuzentzeko eskatu zion Barandiarani. Eta 1969an, Príncipe de Viana erakundearen babespean, Nafarroako Etniker taldea jardunean hasi zen Barandiaranen eskutik; jarraian sortu ziren Gipuzkoako Etniker taldea, Aranzadi Zientzia Elkarteari atxikita; Arabako Etniker taldea, Arabako Etnografia Mintegiaren eskutik, eta Bizkaiko Etniker taldea, Labayru Institutuaren babespean.
Hirurogeita hamarreko hamarkadan, Etniker taldeek Euskal Herriko Etnografi Atlasa lantzeko proiektua abiarazi zuten.
Gaurko hitzarmena Petronorrek datozen 18 hilabeteotan egingo dituen hainbat ekimenetako lehena baino ez da, izan ere, 2018an 50 urte beteko dira Muskizko findegia eraiki zuen konpainia eratu zela.