Berriak

… ETA GUERNICA-REN OSTEAN, ZER?: "Gernika", 1993

 

3. SAIOA: MAIATZAK 11  |  OSTIRALA |  19:30etan

 “… ETA GUERNICA-REN OSTEAN, ZER?”

Film labur hau erakutsiko da: “Gernika” (Iñaki Elizalde, 1993) 15 min

 

 

Picassoren “Guernica” gerraren izugarrikerien aurkako garrasi bat da; Elizalderen “Gernika”, berriz, izenik gabeko gerra baten izugarrikerien kontrako garrasia da: arrazakeriaren, bortizkerien, zentzurik gabeko heriotzen gerraren kontra egiten den garrasia. Alde nabarmen bat dago bi lanen artean, hala ere. Filmean, baliorik gabe uzten dira Picassok margolanean iradoki zituen itxaropenak, ez dago kandela pizturik, ez dago bidea erakuts dezakeen argirik, ez dago txoririk, ez eta zimeldu gabeko lorerik ere. Denboran parentesi bat irekitzeko aukera baino ez da gelditzen: pentsatzea gure historia osoko bortizkeriak markatzen dituen tik-tak hori eten dezakegula, eta, norbaitek erloju hori berriro abiaraztean, pertsonok jakingo dugula elkar tratatzen gizaki gisa, horixe baikara. “Zabal dezagun elkarrekin etorkizunaren azken atala”: aitona-ilobek esaten dute Paul Eluarden esaldi hori filmean, hitzik gabe, Picassoren margolanaren aurrean.  

        

San Petersburgoko Jaialdiko Epaimahaiaren Sari Berezia eta Granadako Jaialdiko Epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso zituen film honek, eta, horrez gainera, Parisko Georges Pompidou Zentroko Zinema Jaialdirako aukeratu zuten, besteak beste.

 

Filmaren osteko solasaldian, María Jesús Cava Mesa historialaria izango da.

 

María Jesús Cava Mesa, bilbotarra, Filosofia eta Letrak ikasi zituen (Historia Moderno eta Garaikideko Lizentziatura) Deustuko Unibertsitatean, Bilbon, eta instituzio horretan egin zuen doktore-tesia ere, Historia Moderno eta Garaikideari buruz, 1985ean (Bikain cum laude). Bekadun aritu zen Menéndez Pelayo Nazioarteko Unibertsitatean, La Rábidako Unibertsitate Hispanoamerikarrean eta British Council erakundean. Ingeles Kulturari, Historiari eta Hizkuntzari buruzko ikasketak egiten jarraitu zuen East Anglia Unibertsitatean (Norwich), Oxforden eta Londresko Westminster Unibertsitatean. Historia Garaikideko katedraduna da Deustuko Unibertsitatean (Bilboko campusa) eta, era berean, Batxilergoko katedradun numerarioa da. Historia Unibertsal Garaikidea, Nazioarteko Harremanen Historia eta Gaur Egungo Mundua irakasgaiak irakasten ditu, eta, gainera, eskolak eman ditu doktoradutzetan eta Eurokulturari buruzko Masterrean, Deustuko Unibertsitatean. Irakasle gonbidatu gisa jardun da Manchester eta Edinburgoko unibertsitateetan. Historiako Saila zuzendu zuen, eta, gero, Humanitateetako Saila, 2015era arte, eta, 1989tik 2011ra bitartean, Historiako Sokrates-Erasmus programen zuzendari-koordinatzaile aritu da. Liburu ugari idatzi ditu; nabarmentzekoa da hauxe, adibidez: “Memoria colectiva del Bombardeo de Gernika”(Bilbao, 1996).