GERNIKA, AHOTSAK SALATARI: Gernikako txikizioa, 1937
2. SAIOA: MAIATZAK 4 | OSTIRALA | 19:30
“GERNIKA, AHOTSAK SALATARI”
Film labur hau erakutsiko da: “Gernikako txikizioa” (Pedro Olea, 1979) 14 min. Ikuska saileko 2. zenbakia.
Jatorrizko Bertsioa Azpitituluekin
Pedro Olea zinegile bilbotarraren alea, “Ikuska” dokumental-sailaren barruan. Foru Hiribilduan estreinatu zen bonbardaketaren urteurrenaren bezperan, 1979an, Ikerketa Batzordeak urte horretan bertan antolatu baitzituen hainbat ekitaldi, XLII. urteurrenaren harira. Hainbat gizonek eta emakumek, asko jada desagertu direnak, in situ gogoratzen dute bonbardaketak sortu zuen izu-laborria, eta, haien salaketekin batera, haurren marrazkiak ere erakusten dira, haien aitona-amonek zoritxarreko egun hartan sufritu zutenaren irudimenezko ikuspegia.
Filma aurkezteko, tartean izango da Pedro Olea zuzendaria, eta, filmaren osteko solasaldian, berriz, Vicente de Palaciok hartuko du parte.
Pedro Olea Bilbon jaio zen eta ekonomia zientziak ikasi zituen Sarrikon. Aldi berean, Zineklub Unibertsitarioaren ardura hartu zuen eta 8 eta 16 mm-ko filmak egin zituen. Madrilera joan zen, eta Zinema Eskola Ofizialean sartu; ondo joan zitzaionez, ekonomia-ikasketak utzi zituen, hartara, gehien atsegin zuen horretan aritzeko. 1964an graduatu zen, “Anabel” izeneko film labur bati esker. “Nuestro cine” aldizkarian idatzi zuen, eta hainbat lan egin zituen TVErentzat, besteak beste, “La ronca”, “El rastro de Ramón”, “Último grito”, Víctor Manueli buruzko saio berezi bat, “La la la” kantuari buruzko spot bat, Serrat protagonista zuena, eta “La ría de Bilbao”. Film luze handiak egin zituen gero: “El bosque del lobo”, “No es bueno que el hombre esté solo”, “Tormento”, “Pim, pam, pum fuego”, “Un hombre llamado Flor de Otoño”, “Bandera negra”, “El maestro de esgrima”, “Más allá del jardín”, “Tiempo de tormenta”, etab. Film horietako bi, “La casa sin fronteras” eta “El maestro de esgrima”, Hollywoodeko Oscar sarietarako aukeratu zituzten. Euskal zinemako izenburu ezagun batzuk ere bereak dira: “La casa sin fronteras”, “10 melodías vascas”, “Akelarre”, Gernikako bonbardaketari buruzko “Ikuska 2”, saio honetan erakutsiko dena, eta “Bihotzez” dokumentala. Antzerkian, honako hauek egin ditu: Antonio Galaren “Inés desabrochada”, Concha Velascorekin eta Paco Valladaresekin, eta “El pisito”, Asunción Balaguerrekin.
Vicente del Palacio Sánchez historialaria da. Historiako irakasle gisa lan egin du hainbat institututan, erretiroa hartu arte. “Aldaba” aldizkaria sortu zuen beste batzuekin batera: Gernikan editatzen da agerkari hori, orain dela 34 urtetik. “Gernikazarra” historia-taldearen sorreran ere ibili zen: talde horrek 30 urte daramatza martxan. Gernikako historia landu du bereziki, batez ere XIX. eta XX. mendeetako alderdi sozialak, eta artikulu ugari argitaratu ditu “Aldaba” aldizkarian. Foru Hiribilduaren bonbardaketaren eta gerraostearen gaiak ere jorratu ditu, “Gernikazarra” taldearen barruan. Dozena bat lan kaleratu du; horien artean, nabarmentzekoa da “Sustrai Erreak II”, bonbardaketaren 75. urteurrena gogoratzeko egina.