GERNIKA, ZURIBIDERIK GABEKO BONBARDAKETA: "Guernika"- 1937 -
1. SAIOA: APIRILAK 27 | OSTIRALA 19:30
“GERNIKA, ZURIBIDERIK GABEKO BONBARDAKETA”
Film hau erakutsiko da: “Guernika”, (Nemesio M. Sobrevila, 1937). 30 min.
Nemesio M. Sobrevilak zuzendu zuen film hau, bonbardaketa gertatu eta ordu gutxira grabatu ziren irudiak erabiliz. Material zinematografikoa Agfa laborategietara igorri zuen, Parisera, baina haiek ez zioten sekula itzuli zinegileari. Horren ordez, Italiako ikuspegi turistiko batzuk eskaini zizkioten, hots, hark igorritakoarekin zerikusirik ez zeukaten irudiak. Nazioartean salatu zen laborategi alemanen trikimailua, baina jatorrizko irudiak ez ziren sekula agertu. Filma erakutsi aurretik, afera horri buruzkoak azalduko zaizkie bertaratutakoei; izan ere, kontuak orrialde ugari hartu zituen atzerriko komunikabideetan.
Edonola ere, filmak balio dokumental izugarria du. Filmaren bidez ikus dezakegu zer-nolako exodoa gertatu zen Foru Hiribilduan, ikus ditzakegu hondakinak, oraindik kea dariela, eta euskal haurren deserria noranzko ezezagunetara bidean. Bere garaian, erbesteko Eusko Jaurlaritzak erosi zuen film hau, munduan barrena erakusteko.
Filma erakutsi ostean solasaldia izango da, Gernika Zaharra taldeko José Ángel Etxaniz historialaria bertan dela.
José Ángel Etxaniz Ortuñez (Gernika-Lumo, 1954): “Gernikazarra” historia-taldeko eta Historia Garaikidearen Elkarteko kidea da. Industriaren eta enpresaren historia landu ditu bereziki, eta Gernikako historiari buruzko hainbat liburu idatzi ditu, bakarrik eta beste batzuekin batera. Besteak beste, hauek azpimarratu daitezke: “Talleres de Guernica S. A.-Astra. De fábrica de armas a fábrica de creación cultural” (2012); “JYPSA, 75 años en la historia de Guernica” (1992), Carlos Bacigaluperekin elkarlanean egina; eta bonbardaketarekin lotutako obra ugari, esaterako, “Sustrai Erreak. Guernica 1937” (2012). Juan Tomas Gandariasen biografia ere idatzi zuen, bai eta familiari buruzko hainbat liburu ere. Gernika-Lumoko bonbardaketan aditua da. Gaur egun, Urdaibaiko turismoari buruzko ikerketa bat egiten ari da.