Berriak

Euskal Museoak sarrera guztiak agortu zituen, piknik kulturaleko saio guztietan

Jarduera arrakastatsu hau Klaustroan egin da, bi larunbatez jarraian, eta 400 lagun bildu ditu

 


 

Opera eta jazza Euskal Museoko Klaustroaz jabetu dira bi asteburuz, eta sekulako arrakasta lortu dute. Bilboko erakundeak, Gatza eta Piperra Jaialdiarekin lankidetzan, kultur ukituko piknik klasikoa proposatu zuen, eta esan daiteke formulak ezin hobeto funtzionatu duela; izan ere, 400 bat lagunek gozatu dute ekitaldiaz. Apirilaren 1ean (larunbata), `Bilbao Bel Canto´ talde lirikoak hunkitu egin zituen bertaratutakoak, `Brindis de la Traviata´ edota `Todas las mañanitas´ kantuak biltzen zituen errepertorioarekin, besteak beste. Martín Barcelona (tenorra), Patricia Sesar (sopranoa) eta Iñaki Belasko (piano-jotzailea) izan ziren emanaldi atsegin horretan aritutako artistak. Amaieran, jendea Klaustroaren erdira irten zen, Mikeldi idoloaren inguruan dantza egitera. Hori izan zen gaueko unerik magikoena.

Apirilaren 8an (larunbata), Ángela Furquet (ahotsa), Lucía Fumero (pianoa), José Luis Canal (pianoa) eta Mikel Anduezaren (saxo altua) txanda izan zen, eta Euskal Museoko txoko guztietara helarazi zituzten musika hegoamerikarra eta jazza. Musikari horiek erritmoaren jenioak dira, eta jotzen eta kantatzen aritu ziren, piknik kultural honetako parte-hartzaileek Bilboko Alde Zaharreko `Txomin y Vicenta´ establezimenduko produktu gastronomiko bikainez gozatzen zuten bitartean, manten gainean eserita. Bitxia izan zen Ángela publikoaren artean kantatzen ikustea, Mikeldi idoloa inguratuz, gauari amaiera eman zion kantuetako batean.

Jarduera paregabea izan zen, inguru paregabean. Kulturaren jarioa benetan indartsua izan zen, Klaustro osoaren lekuko den Mikeldi idoloak bisitarien aurrean duena bezain indartsua. Ziur gaude ez dela Euskal Museoak mota honetako ekitaldiren bat egingo duen azken aldia izango.