`TIME MACHINE SOUP´ ERAKUSKETA ETA HAPPENING LUDIKOAREN INAUGURAZIOA EUSKAL MUSEOAN
Nekane Alonso, Museoko presidentea, Sorkunde Aiarza, koordinatzailea, Lorea Bilbao, Kultura Diputatua eta Santos Bregaña, erakusketaren diseinatzailea egon dira ekitaldia gidatzen.
Euskal Museoak zopa bidez funtzionatzen duen eta bidaiatzeko balio duen denbora-makina bat aurkezten du. Bilboko erakundeak `Time Machine Soup´ esperientzia harrigarria proposatzen die bisitariei: ekimenean, zortzi salda dastatu ahal izango dira Gatza eta Piperra jaialdiaren inguruan
Orain, historiako zenbait unetara bidaiatu daiteke, Bilbotik irten gabe. Martxoaren 24tik apirilaren 30era bitartean, Euskal Museoak `Time Machine Soup´ erakusketa aurkeztuko du. Bertan, zortzi zopa dastatzeko aukera egongo da, eta, horien bitartez, iraganeko une paregabeetara bidaiatzeko eta garai horiek ezagutzeko aukera izango da. Ostiral, larunbat eta igande guztietan, denboraren makina gastronomiko hori martxan jarriko da, eta bertaratutakoek sekula ahaztuko ez duten ibilbideari ekingo diote. Zehazki, Santos Bregaña diseinatzaileak asmatutako makina horren erregaia zopa da.
Erakusketa eta happening ludikoa da, eta, zortzi zoparen zaporeen bitartez, denboran zehar bidaiatzea posible izango da. Bilbon egingo den esperientzia paregabe honen bitartez, zaporetik jakintzara egingo duzu jauzi. Jarduera hau Gatza eta Piperra jaialdiarekin izandako lankidetzatik sortu da; bertan, parte-hartzaileek zortzi salda historiko dastatuko dituzte, jai-giroan. Gaur eguneko zopa industrialetik hasi eta jatorrizko zoparaino, Europako historiako funtsezko uneak zaporeen paleta honetan geratuko dira erretratatuta. Gastronomian, literaturan, antropologian eta artean zehar egindako ibilbidea.
Proiektuak denboran atzerantz egitea imagitzea du helburu, gastronomiaren esperientzia sentsorial gogorarazleari esker. Ekimena diziplina askotako instalazio gisa eta dastaketa gisa gorpuztuko da. Erakusketa Museoko ohiko ordutegian egongo da jendearentzat zabalik, baina ostiral, larunbat eta igandeetan (martxoaren 24tik apirilaren 30era bitartean) esperientzia osoaz gozatu ahal izango da, orduantxe dastatu ahal izango baitira zortzi saldak.
Esperientzia berritzaile honen bitartez, gastronomiak euskal kulturan izan duen garrantzia islatu nahi da, eta nabarmendu nahi da zeinen modu ohikoan transmititzen diren tradizioak gure herrialdean, belaunaldien arteko jauziaren bidez: aitona-amonetatik hasi, eta ilobengana. Kasu honetan, urtez urte, sukaldaritza tradizionala eta horren inguruko errezetak belaunaldi batetik bestera igaro dira, gure ohituren barruan asko baloratzen den lotura familiar indartsua sorraraziz. Eta, hain zuzen ere, sentimendu hori da `Time Machine Soup´ ekimenak sentiarazi nahi duena.
Aipatutako zopak Bilboko Alde Zaharreko zortzi jatetxek (Portuberri Barri, Muga, K2, Arambarri, Casa Loren, Txerri Duck, Pastyrroz, Vermuteka eta La Bodeguilla) prestatuko dituzte, egunean bertan. Bidaia on guztietan gertatzen den bezala, abentura hau bizitzera datozen pertsona guztiek pasaporte bat jasoko dute, eta, horrela, ibilbide gastronomiko honetan emandako urrats guztiak kontrolatu ahal izango dituzte.
Donostian egonaldia egin ostean, eta han arrakastaz estreinatua izan ostean Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren testuinguruan, Bilboko Euskal Museora dator orain, Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin.
Ez galdu hain esperientzia magikoa bizitzeko aukera!
TIME MACHINE SOUP | EUSKAL MUSEOA
Zopa Industriala: tomate zopa latan.
Amonaren Zopa: eltzeko klasikoa, letrekin…
Zopa Zozoa: aberatsek utzitako soberakinak.
Zopa Magikoa: velar mikatzak, perretxikoak eta igel hanka.
Oila-Salda: zeruetako salda.
Urtea Zesarraren Zopa: madari eta arrosa-ur infusioa.
Salda Beltza: metal zaporea.
Jatorrizko Zopa: itsasoko uraren zopa