Berriak

2017 EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNA

Euskal Museoak emakumezko idazle apartak ekarriko ditu, EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNA ospatzeko

Bilboko erakundeak mahai-inguru bat antolatu du; 2017ko martxoaren 8an izango da, 18:00etan. ‘Estereoskopiak 16+16’ erakusketan parte hartu duten zenbait egilek lan egiteko prozesuaz hitz egingo dute. 


 

Iragan urtarrilean, Euskal Museoak mahai-inguru bat antolatu zuen; Karmele Jaiok, Miren Agur Meabek eta Laura Mintegik hartu zuten parte, eta arrakasta handia izan zuen. Hori dela eta, beste hiru idazle etorriko dira Bilboko erakunde honetara 2017ko martxoaren 8an (asteazkena), 18:00etan. ‘Estereoskopiak 16+16’ erakusketan izan duten parte-hartzeari buruz hitz egingo dute, eta, hala, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu. Itxaro Bordak, Mariasun Landak eta Arantxa Urretabizkaiak argituko dizkigute erakusketako 16 argazkien ondoan dauden testuak idazteko prozesuaren sekretu guztiak, eta Mari Jose Olaziregi arituko da moderatzaile lanetan.

Beste 13 idazle ospetsurekin batera, hiru idazle hauek ere `Estereoskopiak 16+16´-ren parte dira. Horregatik, Euskal Museoak aukera eskaini nahi dio publikoari, narrazioari aurre egiteko orduan, idazle horien sortzeko lana nolakoa den entzun dezan.

Eulalia Abaituaren argazkietan oinarritutako erakusketak ohiko formatuekin hausten du, eta bi osagairen batura da. Batetik, iragan bisuala dago; betaurrekoen bidez, 3 dimentsiotan ikusiko dugu. Bestetik, ahozko orainaldia dago, eta hori audiogiden bidez entzungo dugu, femenino pluralean.

Hain zuzen ere testu horiei buruz hitz egingo dute idazleek Mari Jose Olaziregirekin. Berarena izango da idazleen eta parte hartu nahi duten ikusleen solasaldia gidatzeko ardura.

Mahai-ingurua euskaraz izango da, eta sarrera doakoa izango da, lekua bete arte. Aukera aparta, Eulalia Abaitua argazkilari bilbotarraren argazkiek gordetzen duten magian murgiltzeko.