Berriak

EUSKAL MUSEOAK GARATUTAKO `BIZKAIA HIRU DIMENTSIOTAN´ APLIKAZIOAREN AURKEZPENA

 

Ekitaldian bertan, honakoak izan dira: Nekane Alonso, Museoko presidentea eta Bilboko Udaleko Kultura zinegotzia; Sorkunde Aiarza, Euskal Museoko koordinatzailea; eta Lorea Bilbao, Euskara eta Kulturako foru diputatua. 


 

Euskal Museoko hirugarren solairuan dagoen Bizkaiko maketa inspirazio-iturria izan da Bilboko erakundearentzat, `Bizkaia hiru dimentsiotan´ aplikazioa egitea erabakitzeko orduan. Aplikazioa bera museoan bertan dago eskuragarri (Maketaren Aretoan), eta, laster, dohainik jaitsi ahal izango da Appleren eta Google Storeren bidez. Horri esker, aplikazioa irekitzen duenak Bizkaiko jaurerriaren historiako elementu nabarienak ezagutu edo lurralde historiko horretako eskualdeetako kulturan nahiz paisaian zehar nabigatu ahal izango du. Aplikazio elkarreragilea da, eta benetako iraultza izango da gure lurra ezagutzeko moduari begira.

Besteak beste, hona hemen proiektuan nabarmendu beharreko ezaugarriak: hizkuntzen araberako edukietarako 75 pantaila (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez), 13 menu elkarreragile, autogidatutako 54 gune interesgarri, audiogida bakoitzera egokitutako 14 soinu-efektu (euretako batzuk, 3Dn), 135 irudi eta ilustrazio baino gehiago, 17 galeria eta 4 joko elkarreragile. Proiektua bera Malvado Sound Labek garatu du, eta, funtsean, bere edukia Euskal Museoko bildumako materialean dago oinarrituta (Jesús Muñizen laguntzaz), baita erakundeko patronoak diren Bizkaiko Aldundiak eta Bilboko Udalak egindako zenbait lanen bilduman ere.

Horrez gain, Bizkaiko historian eta kulturan oinarritutako musika tematizatua ere diseinatu eta sortu da. Horren osagarri, gainera, aukera dago eskualdeetako mapa elkarreragilean zehar nabigatzeko, baliabide kultural, historiko, instituzional eta turistiko nagusietarako 30 web-esteka baino gehiago ezagutzeko edota museoan bertan kokatutako baserrien eta dorretxeen erreprodukzioak bisitatzeko.

Itzultzaileek, lokutoreek, diseinugileek… hilabeteak eman dituzte lanean, Bizkaiko jaurerriko eta eskualdeetako magia jendearengana hurbildu nahi duen proiektu hau garatzeko.

Azken batean, Euskal Museoko erakargarri ospetsuenetako bat, Bizkaiko maketa (18 metroko luzera, 11 metroko zabalera eta 1:5000ko eskala), berriro asmatu, eta kalera irtengo da Bizkaiko ateak irekiko dituen aplikazioaren bitartez.

Aukera aparta izango da Museoa bisitatzeko eta Museoko hormen artean dagoen bilduma liluragarriaren osagarri den altxor berri hau ezagutzeko.