Berriak

Zuzenean emandako inaugurazioa

 

Euskal Museoak Valleko kondearen argazkien erakusketa bat estreinatu du, eta irratsaioa egin du aldi berean liburutegitik


 

2017ko urtarrilaren 19a markatuta geratu da Euskal Museoko egutegian, egun berezi gisa. Bilboko erakundeak “Valleko kondea. Modernitatea eta tradizioa. Garai baten amaiera” erakusketa inauguratu duen egunaz ari gara. Erakusketa Ignacio de Murua y Alzolaren argazkiekin dago osatuta, eta, bertan, XIX. eta XX. mendeetako une nagusiak islatzen dira. Bergarako Udal Artxiboak antolatutako erakusketa da, orain ikusgai dagoena Museoko bisitari guztientzat.

Eguna hasteko, prentsaurrekoa eskaini zen komunikabideentzat. Bertan, Sorkunde Aiarzak, Euskal Museoko koordinatzaileak, eta Iñaki Lopez de Aguiletak, Bilboko Udaleko Kultura zuzendariak, erakusketaren xehetasun guztiak eskaini zituzten.

Aldi berean, Museoan inoiz gertatu ez den bezala, Herri Irratiaren irratsaioa eskaini zen liburutegitik, Ramón Bustamanteren eskutik. Irratsaioan, besteak beste, bi solairu beherago zegoen inaugurazioa izan zuten hizpide. Euskal Museoko langileek, besteak beste, Amaia Mujikak, Itziar Martijak eta Maite Jimenezek, espazio horretan hartu zuten parte, erakunde honek egiten duen lan guztiari buruz hitz egiteko.

Arratsaldean, festak aurrera egin zuen, Valleko kondearen erakusketaren inaugurazio ofizialarekin. Sorkunde Aiarzak, Nekane Alonsok (Museoko lehendakaria) eta Arantzazu Oregik (Bergarako Udal Artxiboko arduraduna) erakusketaren xehetasun guztien berri eman zieten bertaratutakoei.

Ekitaldian hainbat lagun batu ziren: Museoko lagunak; langileak; Andoni Renteria eta Esmeralda Herlo blogariak; Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotzi Itziar Urtasun; Bilboko Udaleko Kultura zuzendari Iñaki Lopez de Aguileta; Koldo Narbaiza; Aitor Ibarra; komunikabideen ordezkariak; Museoaren lagunak, eta abar.

Euskal Museoaren oroimenerako paregabeak diren uneez beteriko jardunaldia izan zen. Eskerrik asko egun honetan gurekin izan zineten guztioi.