Berriak

Euskal Museoak Begoñara antolatutako bisitak izugarrizko arrakasta izan du

 

Jardueraren xedea Eulalia Abaitua argazkilariaren bizitzako txoko garrantzitsuenak ezagutzea da, Bilboko auzo honetan


 

Eguraldia aldekoa ez izan arren, Euskal Museoak antolatutako Begoñarako bisitara joandako 25 lagunek gogor eutsi zieten beren aterkiei, eta Eulalia Abaitua argazkilariaren auzoko txoko esanguratsuenak ikusi zituzten.

Abentura honetako gidaria Saio Barrenetxea izan zen, eta bidaian parte hartu zuten guztiei honakoa erakutsi zien: Errepublikaren Plaza, Begoñako Basilika ezaguna, Eulalia Abaitua bizi izandako eta oraindik bertan dagoen etxea, eta Bilboko zonalde horretako beste hainbat leku.

Parte-hartzaileek interes handiz entzun zituzten auzoari eta Abaituari buruzko bitxikeriak, hala nola, garai batean bertan ospatu zela bost urtez Aberri Eguna, baina, eguraldi txarra zela-eta, lekuz aldatu zela; edota argazkilariaren benetako izena Elvira zela, baina, Eulalia ama hil zitzaionean, inguruko guztiak izen horrekin deitzen hasi zitzaizkiola.

Era berean, honako gai hauen inguruan hitz egin zen: Begoñako jaiak, zonalde horretan nola biltzen ziren lehen, basilikaren aurrean duela zenbait urte zegoen lehoi formako eta emakumeek ura hartzeko erabiltzen zuten iturria, eta Eulalia Abaituari buruzko beste familia-istorio batzuk (ezkontzak, jaraunspenak…).

Abaituaren etxea zergatik ezagutzen zen pinuko etxe legez ere jakin izan zuten, baita argazkilaritzako laborategia nola fabrikatu zuen ere. Zalantzarik gabe, esperientzia paregabea izan zen, eta Euskal Museoan bertan amaitu zen, Abaituaren Estereoskopiak 16+16 argazkilaritzako erakusketa ikusiz.