MAHAI-INGURUA IDAZLE BIKAINEKIN, EUSKAL MUSEOAN
Bilboko erakundeak antolatutako ekitaldian, Estereoskopiak 16+16 erakusketan parte hartu duten idazleek erakusketako lan-prozesuari buruz hitz egin zuten.
Ostegunean, urtarrilaren 12an, Euskal Museoak mahai-ingurua antolatu zuen. Mari Jose Olaziregi izan zen moderatzailea, eta Karmele Jaio, Miren Agur Meabe eta Laura Mintegi idazleak aritu ziren bertan; hain zuzen ere, ikusgai dagoen Estereoskopiak 16+16 erakusketan Eulalia Abaituaren argazki bakoitzaren alboan dauden testuak idazteko jarraitu dituzten gidalerroei buruz hitz egin zuten.
Hasteko, Euskal Museoko koordinatzaile Sorkunde Aiarzak aurkezpen labur bat egin zuen. Berak hitz egin ondoren, Mari Jose Olaziregiri eman zitzaion txanda, eta egileak aurkeztu, Eulalia Abaituari buruz hitz egin, eta azaldu zuen Euskal Museoak nola proposatu zion 16 idazle hautatzeko, erakusketako testuak idatz zitzaten; Olaziregik berak esan zuen bezala, prozesua oso erraza izan zen.
Une horretan, mahai-inguru zoragarria izango zena abiarazi zen.Olaziregik egin zien lehen galdera idazleei: nola egin dioten lanari aurre, eta nondik atera duten inspirazioa, bakoitzak bere argazkiari buruzko testua idazteko.Olaziregik esan zuen bezala, museoko teknikaria den Maite Jimenezek argazki guztiak eman zizkion, baina berak erabaki zuen zein zegokion idazle bakoitzari.
Lehenengo, Miren Agur Meabek hitz egin zuen. Lekeitiokoa da bera, eta herri horretako argazkia egokitu zitzaion; azaldu zuenez, Eulaliaren argazkian agertzen den lekua, hain justu, berak Isuntzako hondartzan hartu ohi duen leku berbera da, goizean goiz idazteko asmoz hara joaten denean. Hasierako kointzidentzia hori zela-eta, argazkiarekin lotura pertsonalagoa izan zuen, eta, ondoren, Eulaliari buruz ikertzen ari zela, argazkilariaren arbaso baten abizena Meabe zela ohartu zen; hortaz, testua gutun formatuan idaztea erabaki zuen, eta argazkilariari “lehengusina” deituko ziola ere erabaki zuen, Lekeition asko erabiltzen baita termino hori senide eta ezagunen artean.
Idatzirako formularik onena gutuna zela erabaki zuen, bai aurkitutako kointzidentzien hurbiltasunagatik bai bereziki emakumeei loturiko literatura-generoa delako eta maila baxuagoko genero gisa hartzen delako.Azkenik, beste kointzidentzia baten berri eman zuen; izan ere, Eulaliaren bizitzaren inguruko ikerketan, Begoñako Pino Jauregiaren sotoan argazkilaritza-estudioa zuela aurkitu zuen, eta garai batean argazkilaritza-estudioa zena klinika oftalmologiko bateko ebakuntza-gelak ziren orain; eta, hain justu, berak hantxe egin zuen begietako ebakuntza.
Jarraian, Karmele Jaiok hitz egin zuen; berari ere Lekeitioko argazki bati buruz idaztea egokitu zitzaion, kasu honetan, plazan ateratakoa. Karmelek argazkian deigarriena egin zitzaionari buruz hitz egin zuen: iruditu zitzaion argazkiak giro eta mugimendu errealak zituela, haurren gorputz izerditsuen beroa eta usaina sumatu zitezkeela, eta ikuslea ere harrapatuta geratzen zela umeek plazan jolasean eta lasterka sortutako zirkuluan.
Gainera, Miren Agurren eta Karmele Jaioren argazkiak euren atzean zeuden mahai-inguruan, eta, beraz, bertaratutakoek narrazioak primeran jarraitzeko aukera izan zuten, Eulalia Abaituaren irudiak ikusten zituzten bitartean.
Laura Mintegi izan zen parte hartzen azkena. 1906an gertatutako zoritxar bat islatzen zuen argazkiari buruzko testua idatzi zuen: Barakaldo eta Erandio arteko bidea egiten zuen gasolinoa hondoratu, eta zortzi pertsona hil ziren. Gertaerak are kutsu dramatikoagoa zuen; izan ere, Inauteriak ospatu ondoren etxera itzultzen ari ziren, eta, gasolinoa hondoratzen hasi zenean, bi ertzetan zeuden pertsonek pentsatu zuten oihu haiek jai-girokoak zirela, laguntza-oihuak izan beharrean.
Era berean, Laurak Eulaliaren argazkiarekiko kointzidentzia ere izan zuela azaldu zuen. Atzealdean, Getxoko Lezama Legizamon jauregia ikus daiteke, gaztea zenean berak bisitatu zuen jauregia, hain zuzen.
Lehenengo hitzak esan ondoren, Mari Josek eskatu zien argazkien bitartez zer ikasi zuten kontatzeko, baita Eulalia Abaituaren argazkian deigarriena zer egin zitzaiena esateko ere. Denek aipatu zuten oso esanguratsua zela gizarte-maila altuko emakume batek inguruan zeuden errealitateei bizkarra eman ez ziela ikustea. Bestalde, Eulaliak argazkilari gisa izandako garrantzia aipatu zuten, eta bat etorri ziren esaterakoan argazkilaritza zein idazketa narraziorako moduak direla eta praktika bakoitzean kontuz hautatu behar dela ikusleei erakutsi nahi zaiena.
Amaitzeko, Mari Jose Olaziregik galderak egiteko aukera eman zien entzuleei, eta batzuek landa-giroko argazkien inguruko interesa erakutsi zuten; Mari Josek adierazi zuenez, oso bitxia izan zen gai horren inguruko argazkia jaso zuten idazle guztiek irudiko pertsonaia bati hitza ematea hautatu zutela, beren istorioko protagonistak bilakatuz.
Mahai-ingurua giro lasai eta atseginean joan zen. Museoaren izenean, eskerrak eman nahi dizkiegu bertaratu ziren eta parte hartu zuten pertsona guztiei, beraiei esker egin baitzen jarduera.