Berriak

Eulalia Abaituaren ezkutuko sekretuak, hiru idazle handiren hitzetan

 

Euskal Museoak MAHAI-INGURUA antolatuko du 2017ko urtarrilaren 12an, ESTEREOSKOPIAK 16+16 erakusketan parte hartu duten zenbait egileren lan-prozesuari buruz hitz egiteko.


 

Karmele Jaiok, Miren Agur Meabek eta Laura Mintegik hartuko dute parte Euskal Museoak 2017ko urtarrilaren 12an (osteguna) antolatuko duen mahai-inguruan; Mari Jose Olaziregi izango da moderatzailea. Euskarazko beste 13 idazle ospetsurekin batera hartu dute parte gaur egun Museoan ikus daitekeen ESTEREOSKOPIAK 16+16 erakusketan; izan ere, erakusketako testuak atondu dituzte.

Eulalia Abaituaren argazkietan oinarritutako erakusketa honetan, ohiko formatuak hausten dira, bi edukiren arteko batuketa eginez: iragan bisuala, 3 dimentsioko betaurrekoekin ikusten duguna; eta ahozko orainaldia, femenino pluraleko audiogidekin entzungo duguna.

Argazkiak deskribatzen dituzten testu horien inguruan hitz egingo dute egile handi hauek, hain zuzen ere. Mahai-inguruari esker, Museora etortzen diren pertsonek aukera izango dute egile bakoitzak narrazioa egiteko jarraitutako prozesu sortzailea ezagutzeko; betiere, puntu honetatik abiatuta: betaurrekoak jantzi, eta behatzea.

Mari Jose Olaziregik erakusketa berritzaile honen laneko sekretuak aletuko dituzten galderak egingo ditu, eta solasaldia zuzenduko du, parte-hartzaileen eta galderak egin nahi dituzten entzuleen artean.

Mahai-ingurua euskaraz egingo da, eta sarrera doakoa izango da, leku-kopurua bete arte. Aukera paregabea da hain ondare ona utzi duen argazkilariari buruz gehiago ezagutzeko.

 

OINARRIZKO INFORMAZIOA:

Eguna: 2017ko urtarrilak 12 (osteguna)

Ordua eta lekua: 18:00etan Euskal Museoan

Hizkuntza: Euskaraz

DOAKO SARRERA LEKU-KOPURUA BETE ARTE

 

 

 

INFO+

www.euskal-museoa.org  | press@euskal-museoa.org  |   944155423 astelehenetik ostiralera 8:30etatik 14:30etara