Eulalia Abaituaren ezkutuko sekretuak, hiru idazle handiren hitzetan
Euskal Museoak MAHAI-INGURUA antolatuko du 2017ko urtarrilaren 12an, ESTEREOSKOPIAK 16+16 erakusketan parte hartu duten zenbait egileren lan-prozesuari buruz hitz egiteko.
Karmele Jaiok, Miren Agur Meabek eta Laura Mintegik hartuko dute parte Euskal Museoak 2017ko urtarrilaren 12an (osteguna) antolatuko duen mahai-inguruan; Mari Jose Olaziregi izango da moderatzailea. Euskarazko beste 13 idazle ospetsurekin batera hartu dute parte gaur egun Museoan ikus daitekeen ESTEREOSKOPIAK 16+16 erakusketan; izan ere, erakusketako testuak atondu dituzte.
Eulalia Abaituaren argazkietan oinarritutako erakusketa honetan, ohiko formatuak hausten dira, bi edukiren arteko batuketa eginez: iragan bisuala, 3 dimentsioko betaurrekoekin ikusten duguna; eta ahozko orainaldia, femenino pluraleko audiogidekin entzungo duguna.
Argazkiak deskribatzen dituzten testu horien inguruan hitz egingo dute egile handi hauek, hain zuzen ere. Mahai-inguruari esker, Museora etortzen diren pertsonek aukera izango dute egile bakoitzak narrazioa egiteko jarraitutako prozesu sortzailea ezagutzeko; betiere, puntu honetatik abiatuta: betaurrekoak jantzi, eta behatzea.
Mari Jose Olaziregik erakusketa berritzaile honen laneko sekretuak aletuko dituzten galderak egingo ditu, eta solasaldia zuzenduko du, parte-hartzaileen eta galderak egin nahi dituzten entzuleen artean.
Mahai-ingurua euskaraz egingo da, eta sarrera doakoa izango da, leku-kopurua bete arte. Aukera paregabea da hain ondare ona utzi duen argazkilariari buruz gehiago ezagutzeko.
OINARRIZKO INFORMAZIOA:
Eguna: 2017ko urtarrilak 12 (osteguna)
Ordua eta lekua: 18:00etan Euskal Museoan
Hizkuntza: Euskaraz
DOAKO SARRERA LEKU-KOPURUA BETE ARTE
INFO+
www.euskal-museoa.org | press@euskal-museoa.org | 944155423 astelehenetik ostiralera 8:30etatik 14:30etara