Bilboko Euskal Museoak eta Bizkaiko Jaiotzen Elkarteak, Euskal Jaiotza monumental eta argitsua aurkeztuko dute Museoko klaustroan | 2016.11.26 - 2017.01.08
Aurtengo Gabonetan, Bilboko Euskal Museoak eta Bizkaiko Jaiotzen Elkarteak Euskal Jaiotza monumental eta argitsua aurkeztuko dute Museoko klaustroan. Bertara, zuzenean sar daiteke Gurutze kaleko 4. zenbakiko atetik edo Museoko ate nagusitik, Miguel de Unamuno plazan [Metro: Unamuno - Casco Viejo].
Jaiotza azaroaren 26tik aurrera egongo da jendearentzat ikusgai, Museoaren ordutegian, eta 2017ko urtarrilaren 8ra arte egongo da zabalik.
Euskal Jaiotza Euskal Herriko paisaian eta tradizioetan dago girotuta, eta herri-arkitekturako hiru adibide eder eskaintzen ditu: Zeberioko Etxebarria baserria (bertako arkupean dago Jesus Umearen Misterioa), Zeanuriko Emaldi baserria, eta Mungiako Landetxo Goikoa baserria (hango atarian dago Olentzero, eserita). Horien inguruan, artzainak eta nekazariak euren eguneroko zereginetan dabiltza, eta, bitartean, emakumeak Laudioko Isusi auzoko iturrira doaz eta iruleak alai dabiltza dantzan, txistuaren eta danbolinaren soinuan, Ekialdetik etorriko diren Errege Magoen zain.
Zorionak, eta urte berri on!!!