Barandiaran Euskal Museora itzuli da
Bere izena duen Fundazioak, haren heriotzaren 25. urteurrenean, mahai-ingurua egin du, euskal antropologo ezagunaren figurari eta lanari buruz hitz egiteko
Jose Migel Barandiaran hil zeneko 25. urteurrenean, “Europa, Barandiaran eta balioak” izeneko mahai-ingurua egin zen Euskal Museoan, eta, nola edo hala, ekitaldi horren bitartez, figura garrantzitsu hori erakunde honetara itzuli zen. Izan ere, hizlari aritutako Gaspar Martinezek esan zuen moduan, antropologoak Museoarekin izan zuen harremana oso estua izan zen, eta, batez ere, nabarmentzeko modukoa da Museoaren zuzendari izandako Karmele Goñirekin batera egin zuen lana.
Gainera, Argitxu Camus, Asier Barandiaran eta Ixone Fernandez izan ziren Barandiarani buruzko xehetasun guztiak aletzeaz arduratu zirenak. Camusek esan zuen Barandiaran Europako zientziara ireki zela, euskal gizarte tradizionala hobeto ulertu ahal izateko. Asier Barandiaranek, berriz, azaldu zuen, historialariaren lanari esker, euskal mitologiari buruzko obra literario asko idatzi zirela 80ko hamarkadan. Azkenik, Ixonek adierazi zuen Barandiaranek ez zuela soilik euskal kultura aztertu, baizik eta eraiki eta berreraiki ere egin zuela.
Era berean, beste zenbait gai jorratu ziren: Jose Migelen burua beste euskara-mota batzuetara ere irekita zegoela, apala eta zorrotza zela, eta komunikabide sozialekiko interesa ere bazuela. Jardunaldiari amaiera emateko, solasaldira bertaratutakoek galdera-erronda egin zuten. Eskerrik asko Barandiaran Fundazioari, antropologoa berriz ere Museora ekartzeagatik.