BILBORA IRITSIKO DA “EUROPA, BARANDIARAN ETA BALOREAK” MAHAI-INGURU ZIKLOA
:: Azaroaren 3an Bilboko Euskal Museoan egingo da, Jose Miguel de Barandiaranen heriotzaren 25. urteurrenaren harira
Jose Miguel Barandiaran antropologo eta etnografo ezagunaren heriotzaren 25. urteurrena betetzen da 2016an eta Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak efemeridearen harira egitarau bat prestatu du; hala, ataundarraren ikuspegi berri bat jendarteratzen dihardu Fundazioa.
Azaroaren 3an, ostegunean, Bilbon egingo du geldialdia “Europa, Barandiaran eta baloreak” izeneko mahai-inguru zikloak; 19:00etan hasita Bilboko Euskal Museoan izango da hitzordua. Hitzaldia antolatzeko Euskal Museoaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza izan du Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak.
Mahaiaren bueltan eseriko dira Argitxu Camus, Asier Barandiaran, Gaspar Martinez eta Ixone Fernandez de Labastida, eta honako gaiak izango dituzte ahotan, hurrenez hurren: Barandiaran eta Europa; Barandiaranen baloreak gaur egungo gizartean; Barandiaran: zientzia eta fedea; Barandiaran eta euskal gizartea.