Euskal Museoak argazki-enkoadraketari buruzko tailer bat antolatuko du
Bilboko Euskal Museoak oinarrizko argazkilaritza tailerra eskainiko du, ESTEREOSKOPIAK 16+16 aldi baterako erakusketaren osagarri gisa; aipatutako erakusketak Eulalia Abaituaren (1853-1943) 16 irudi jarri ditu ikusgai.
Tailerraren helburua argazki-enkoadraketaren oinarrizko arauak azaltzea da, baita argazki batean eszenaren zein zati agertuko den zehazten ikastea ere.
Tailerrak 2 saio izango ditu, 4 ordukoa bakoitza:
Azaroak 11, ostirala, 16:00etatik 20:00etara. Alderdi teorikoa
Azaroak 12, larunbata, 09:00etatik 13:00etara. Alderdi praktikoa
Ostiralean, argazkilaritzaren inguruko ohar historiko batzuk eskainiko dira, baita enkoadraketa ona lortzeko jarraibideak ere. Larunbatean, aurreko saioan ikasitakoa praktikan jartzeko aukera egongo da, eta, horretarako, irteera egingo da Zazpi Kaleetatik. Tailerra amaitzeko, Euskal Museora itzuli, eta lortutako irudiak ikusiko dira.
Bakoitzak bere kamera digitala ekarri beharko du etxetik.
Matrikularen prezioa 10 eurokoa da. Tarifa berezia Museoaren lagunentzat, langabeentzat, desgaitasuna duten pertsonentzat eta 65 urtetik gorakoentzat.
Izena emateko epea urriaren 26an irekiko da. 12 plaza eskainiko dira ikastarorako.
Tailerra Argi Arte zentroko profesionalek emango dute.
Informazioa eta erreserbak: 944150231. Ordutegia: 08:00etatik 15:00etara, astelehenetik ostiralera.