Berriak

TSUNAMI TEKNOLOGIKOA ETA KULTUR ONDAREKO ZENTROAK

 

Atzo, urriaren 20an (osteguna), Euskal Museoak esperientziak trukatzeko jardunaldi profesionalak hartu zituen: TEKNOLOGIA ETA KULTUR ONDAREA. Maitasuna ala komenientziazko ezkontza? Ekimena Ultravioleta (Social Media Boutique) eta Panacea (Creación y Gestión de Productos Culturales) elkarteek antolatu zuten, Bilboko Udalaren eta Santander Creativa Fundazioaren babesarekin.


Hirurogeita hamar pertsonak hartu zuten parte aurkeztu ziren bost hitzaldi interesgarrietan; horietan, teknologia eta ondarea izan ziren ardatz. Honako hauxe argi geratu zen: gaur egun erabiltzen diren tresna teknologikoak luzaroan egongo dira gure artean; horietako batzuk indar handiagoarekin heldu dira, baina besteak ere ezin ditugu alde batera utzi.  Era berean, teknologia horien erabilerari buruzko hausnarketa egiteko beharra dagoela ondorioztatu zen, baita ondarearen zentro bakoitzak bere beharretara ondoen egokitzen den teknologia bilatu eta egokitu behar duela ere.

Hizlari guztiek adibide ugari eman zituzten, teknika berriak askotariko kultur esparruetan (batez ere, museotan) ezartzeko prozesua islatzeko: sare sozialak, aplikazioak, gailu elektronikoak eta abar.

Polemika sortzen duten hainbat gai ere jorratu ziren, adibidez, museoak aisialdiko zentroekin lehiatu behar diren edo kultura “turistizatu” egin behar den ala turistak kulturizatu behar diren. Big data, makrodatuak eta datu masiboak kontzeptuak etengabe agertu ziren jardunaldietan.

Hitzaldi erakargarri horiek mahainguru batekin amaitu ziren, ondorio garbiarekin: elkarrizketa ezinbestekoa da. Hitzaldietan azaldutakoaren aurrean, bost hizlariek onartu zuten, teknologiaren eta kultur ondarearen arteko maitasunaren eta komenientziazko ezkontzaren artean, maitasunak irabazten duela, alde handiarekin.

Kultur esparruetatik bertaratutako pertsona guztiek gogotsu hartu zuten parte, eta bat etorri ziren hizlarien ondorioekin.

Benetako luxua da honelako ekitaldietan parte hartu ahal izatea.