Berriak

Zergatik bildu dira ehun bat pertsona Euskal Museoan, 3D betaurrekoak jantzita?

 

Estereoskopiak 16+16 erakusketaren inaugurazioak arrakasta handia izan du, eta Eulalia Abaitua argazkilariaren hiru dimentsioko irudiak hurbildu dizkio publikoari.


 

Ospakizuna bikoitza izan zen, gertakizunak ospatzea merezi zuen-eta. Euskal Museoak prentsaurreko baten bidez hasi zuen irailaren 28ko eguna. Izan ere, Estereoskopiak 16+16 erakusketa berri eta harrigarria ireki zuen, lehen aldiz.

Merezi zuen aretora sartzea eta Abaituaren 16 irudiak era harrigarrian deskubritzea; argazkiak 3 dimentsiotan daude, eta euskal emakumezko idazleen 16 kontakizunek deskribatzen dituzte, horiek audiogida bidez entzuteko aukerarekin.

Nekane Alonsok, Euskal Museoko presidenteak, emakumearen figurak erakusketa sortzeko orduan izan duen garrantzia nabarmendu zuen. Sorkunde Aiarzak, museoko koordinatzaileak, erakundeak bertako funtsa modu berritzailean aurkezteko egindako esfortzuaz hitz egin zuen. Maite Jiménezek, erakusketaren arduradunak, berriz, alderdi teknikoak azpimarratu zituen, hantxe bertan beirazko bi plaka estereoskopiko eta bisore bat erakutsiz. Hizketaldi atseginaren bitartez, erakusketaren xehetasunak azaldu zizkieten bertan zeuden komunikabideei.

Gainera, argazki bakoitzaren ondoan dauden testuen egileetako batzuk ere ekitaldian izan ziren; adibidez, Miren Agur Meabe, Leire Bilbao eta Arantxa Urretabizkaia.

Arratsaldean, kultur festak aurrera egin zuen, jendez lepo zegoen hallean. Denborak aurrera egin ahala, museoko hainbat lagun iritsi ziren, 3D betaurrekoak jantzi eta argazki bakoitzaren testuak entzuteko. Zentzumenetarako gozamena izan zen; besteak beste, Eulalia Abaituaren hainbat senidek gozatu ahal izan zuten erakusketaz, hala nola, Carmen Landechok (Eulalia Abaituaren hereniloba) eta Pilar Achak.

Askotariko gonbidatuak izan ziren erakusketan: Konrado Mugertza, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Langileen Kudeaketako zuzendaria; Jon Ruigómez, Bilboko Itsas Museoko zuzendaria; Iñaki Garcia Camino, Arkeologi Museoko zuzendaria; Ana de Castro, Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara Sustatzeko Zerbitzuaren zuzendari nagusia; Gonzalo Olabarria, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura zuzendaria; Iñaki López de Aguileta, Bilboko Udaleko Kultura zuzendaria, eta Ander Soriano, Estudios Durero enpresakoa. Beraiek izan ziren Estereoskopiak 16+16 erakusketa ikusi zuten lehenengoak; pribilegiatuak izan ziren, beraz.

Inaugurazioa amaitzeko, oturuntza eskaini zen Klaustroan, eta argazki erako esperientzia berri honen inguruko aipamen onak nabarmendu ziren bertan. Gaurtik aurrera, erakusketa ikusgai dago Euskal Museoan.