Berriak

MAGIA ETA MISTERIOA EUSKAL MUSEOAN

 

Larunbat gauean, Euskal Museoko Klaustroan, esperientzia paregabea bizitzeko aukera izan genuen, Gau Zuriaren aurtengo edizioaren ospakizunean.


 

Euskal mitologia ohiz kanpoko protagonista izan zen gure museoko gune berezi honetan egindako Gau Beltza izeneko emanaldian. Mikeldi idoloa ere festara gehitu zen, eta oso eroso sentitu zen sorginkeriaz eta aztikeriaz jositako mundu horretan. Mari, Anbotoko dama, edo Atarrabi, haren semea, bezalako pertsonaiak klaustroan barrena ibili ziren, txalapartaren soinuek eta gune irekian intonazio indartsuz durundi egiten zuten bertsoek bilduta.

Mikeldi sugar boteretsuetan erre zen, basoan sartu zen, eta labar-margoak ikustea ahalbidetu zuen, hots, eguzkia eta ilargia, elementu guztiek harrian bat egiten zutela, bizirik zegoen gauza hilezkor bilakatuz. Argi eta koloreek hormak eta inguruko objektuak blaitzen zituzten, lau antzezleek izaki mitologikoei buruzko kontakizun primitiboak pertsonifikatzen zituzten bitartean.

Magikoa, halakoxea izan zen gaua; euriak ere ezin izan zuen ilundu, ez eta bost emanaldietara bertaratutakoek jarritako arreta desbideratu ere. Emanaldi guztietan bete zen klaustroa, eta bertaratutakoen gogobetetasuna nabarmena izan zen. Haur eta helduek neurri berean gozatu zuten gau-jaiaz.

Euskal Museoak eskerrak eman nahi dizkie artistei, erakutsitako emanaldiagatik eta profesionaltasunagatik, "busti egin” baitziren, hitzak adierazten duen zentzu zabalenean, emanaldiak emaitza ona izan zezan. Ongi egindako ekintza horren egileak Iñaki Urrutia, Adrián García de los Ojos, Ylenia Baglieto, Diego Pérez, Iñaki Reyna eta 3TAULAko txalapartariak izan ziren.

Era berean, eskerrak eman nahi dizkiegu gau berezi hartan bertaratu ziren pertsona guztiei, heldu zein txikiei.