Berriak

Diego Maria de Gardoqui omendu zuten Euskal Museoko kontsulatuaren aretoan

 

1735ean jaiotako bilbotarra, politika-gizona, diplomazialaria, merkataritzako negozio handiei loturikoa, Bilboko Kontsulatuko bigarren priorea, Espainiak Estatu Batuetan izan zuen lehendabiziko enbaxadorea; hori eta askoz gehiago izan zen On Diego Maria Gardoqui y Arriquibar.


 

On Diegoren figura izan zen, joan den ostegunean, Euskal Museoan izandako hitzaldiaren ardatz nagusia. Javier Divar izan zen hizlarietako bat, eta, bere azalpenetan, Bilboko portuak eta merkataritzak XVIII. mendean bizi izandako historiarekin lotutako gertaeren berri eman zuen. Martha Gutierrez-Steinkampek, bestalde, Gardoqui izan zuen hizpide, azken horrek Ipar Amerikan izandako ibilera, hain zuzen ere. Makina bat datu eman zituen; horien artean, George Washington AEBetako lehendabiziko presidentearen izendapenean egon izana, edota bigarren presidente John Adamsekin gutun bidez izandako hartu-eman oparoa.

Jende ugari izan zen ekitaldian, eta interes handiz jarraitu zuten hitzaldiaren nondik norakoa, baita ondorengo mahai-inguruan oso modu aktiboan parte hartu ere. Horren harira, argi geratu zen bertan zirenetako askok ondo ezagutzen zutela bai Gardoqui bera, bai hark izandako bizimodu bikaina.

Hitzaldiari amaiera emateko, eguneko protagonistaren irudia goraipatzeko eta bere sasoian izan zuen garrantzia hedatzeko deia egin zen, Estatu Batuetako historiari egin zion ekarpenaren aldetik.

Euskal Museoak ekitaldian izan ziren guztien parte-hartzea eskertu nahi du.