Klaustroa antzerki hutsez bete zen
Ehun pertsonak baino gehiagok gozatu zuten “Trastornos literarios” antzezlanaz Euskal Museoan.
Ekainaren 11n, larunbatean, Euskal Museoko Klaustroa ikuslez bete zen, eta ez zen gutxiagorako, Itziar Lazcanok zuzendutako “Trastornos literarios” antzezlanak merezi izan baitzuen. Flavia Company konpainiako antzezlanaren egokitzapena Ainhoa Bazterricak, Ana Llamasek, Angel Pisanok, Mikel Ibáñezek, Iñigo Sourrouillek eta Irrintzi Ibarrolak antzeztu zuten; bertaratutakoei barrea eragin zien, eta, aldi berean, hunkitu egin zituen.
140 pertsona inguru izan ziren kalitatezko antzezlanaren lekukoak, hots, barruraino iristen den antzerkiarena. Antzerki-kontakizun laburrak, bakarrizketak, elkarrizketak, testu koralak; horien bidez, gizaki ahul batzuk, eldarniozko sei friki, beraien buruak ulertarazten saiatzen dira, betiere, barregarri geratzear. Asmo inozo horretatik sortzen da drama eta komedia. Eta osagai horiekin guztiekin, espero zen bezala, ikusleen txaloek durundi egin zuten Klaustro magikoaren hormetan, antzerki hutseko arratsalde batean.