Berriak

Bilbo ausart bateko zonbiek Euskal Museoa inbaditu dute

 

Dokumentalen ziklora bertaratu diren pertsona ugariek berotasun handiz hartu dituzte Pedro Olearen Zonbi eguna eta Bihotzez film laburren proiekzioak.


Ehun pertsonak baino gehiagok bete zuten Pedro Olea bilbotarraren Zonbi eguna eta Bihotzez film laburrak proiektatzeko erabili zen Euskal Museoko aretoa, hiriaren historia nostalgikoari eta sozialari buruzko dokumentalen zikloan. Alberto López Echevarrieta eta Carlos Bacigalupe kazetariak izan ziren zeremonia-maisuak.

Bertaratuen artean, Pedro Olea buru zela, Zonbi eguna film laburreko Bilboko zenbait zonbi protagonista arduratu ziren filmari buruzko bitxikeriak kontatzeaz. Filmean Diego Lopez de Haro jauna antzezten duen Jose Antonio Nielfa La Otxoa artistak eta Sabino Aranarena egiten duen Aitor Borodio aktoreak filmazioan izandako adiskidetasun zoragarriaren berri eman zuten irribarretsu. Filmeko grabazioko egunetan takoiak zirela-eta La Otxoa izandako oinetako mina edo zuzendariaren ustez Borodiok Sabino Aranarekin zuen antza izan ziren bertaratuen artean barrea eragin zuten bitxikeria batzuk.

Oleak nabarmendu nahi izan zuenez, hiru egunetan egindako pelikula horrekin, kabareteko musikala egin nahi zuen, eta asmoa tonu serioko film laburra ez izatea zen. Bitxikeria gisa, zuzendariak txantxetan esan zuen, pelikulako minutuak moztu behar zirenez, Ikurrinagatik Sabino Aranaren eta Unamunoren artean filmatutako zenbait lehia barregarri azken emaitzatik ezabatu behar izan zirela.

Arratsaldeko beste protagonista Bihotzez film laburra izan zen, duela 30 urte Bilbon bizi izan ziren uholdeez eta hondamendi horretatik hiriak izandako susperraldiaz hitz egiten duena. Zuzendariak esan bezala, hiriaren susperraldiari egindako omenaldia da. Filmak une zailetako hiri borrokalari eta ausarta islatzen du, eta Bilboko Plaza Barria bezalako lekuak ikus daitezke, bertan Calzados La Palma denda mitikoa zegoela, bai eta garai hartan azokan bizi zen jarduera ere.

Txaloek eman zioten amaiera zine bikainaz beteriko arratsaldeari.