Berriak

Txikienak artista handi bilakatu dira Euskal Museoan

Txikienei zuzenduriko tailer bitxi batek artelan handiak eman ditu, bertan izandako egile gazteen eskutik


Euskal Museoak etxeko txikienei zabaldu zizkien ateak, joan den maiatzaren 21ean, artista handiak bilakatu zitezen. Museoko zenbait altxor garrantzitsu bilatzeko bisita ere barne hartzen zuen tailerrak, “kultur paisaia” kontzeptua ikusarazi eta ulertarazteko helburuarekin. Aurtengo Museoen Nazioarteko Egunerako hautatutako leloa, izan ere, kontzeptu horretan oinarrituta zegoen.

Gidari adoretsu bat eta bekadun ezjakin bat, antzeztutako pertsonaiak bi-biak, izan ziren bisitari gazteak goizean Euskal Museoan barrena gidatzeko arduradunak. Eurei esker, Museoaren bazter aipagarrienak ezagutu, eta “kultur paisaia” terminoa ulertzea lortu zuten gazteek. Horri dela eta, jardunaldia bukatu aurretik, gazteek artelan bana egin zuten, kontzeptu hori oinarri hartuta.

Horren ondorioz, inprobisatutako erakusketa bitxi bezain ikusgarria osatu zuten, eta bat baino gehiago geratu zen aho zabalik hura ikustean. Oraintsu berritutako Klaustroan egin zuten lana, eta kotoia, harriak edota adarrak bezalako materialak erabili zituzten. Artista gazteek benetako arte-irakaspena eskaini zuten, Museoen Nazioarteko Eguna modu berezian ospatzeko.