Berriak

Antzerki itzulpena traidoreena da

 

Esaldi horrekin amaitu zuen  Xabi Paya bertsolari bizkaitarrak Euskal Museoan eskaini zuen hitzaldia, Bilbao Eszenak maiatzaren 14an antolatutako Gure hizkuntza Gure oholtza izeneko jardunaldietan.


Lehenengo aurkezpen horren ondoren, Patxo Telleria euskal zuzendari, gidoilari eta aktoreak hartu zuen lekukoa. Antzerkiaren, zinemaren eta telebistaren munduan bizi izan dituen esperientziak kontatu zituen, baita euskararekin duen lotura ere.

Goiza bi protagonista horiei eskaini genien; larunbat arratsaldean, ordea, mahai-ingurua antolatu zen, Ane Zabala aktorea eta kazetaria moderatzaile zela. Bertan, Mikel Martinez aktorea eta Euskadiko Ekoizle Eszenikoen Elkartearen zuzendariak, Eneritz Artetxe aktoreak, Galder Pérez aktore eta gidoilariak,  Agurtzane Intxaurraga zuzendari eta idazleak, eta Gaizka Sarasola idazleak hartu zuten parte. Euskal antzerkia zer den eta nolakoa den eztabaidatu zen, oso modu dinamiko eta parte-hartzailean.

Jardunaldi oparoa amaitzeko, Iban Urizar musikari elgoibarrak (Amoranteren arduraduna) kontzertua eskaini zuen, bertaratutako ehun bat ikus-entzulerentzat.

Larunbateko jardunaldiak arte eszenikoak eta gure gizartean bizi-bizirik dagoen euskara uztartu zituen.