Berriak

BILBO ZINEMAZ BLAI -II-: HUTSETIK HASTEA

 

Hiribilduaren historia nostalgiko eta sozialaren inguruko dokumental berezien zikloko bigarren partea.

Aurkezpenak eta elkarrizketak Alberto López Echevarrieta eta Carlos Bacigalupe kazetarien eskutik

 

 

 

Osteguna, 2016ko maiatzaren 26a. 19:30etan -  “HUTSETIK HASTEA”

 

Biotzez  (Pedro Olea, 1985) 24’

Zonbi eguna (Pedro Olea, 2015) 16’

 

Gonbidatuak: Pedro Olea eta Unai Aizpuru

 

BIOTZEZ, Bilboko Zazpikaleetako Ostalarien Elkarteak babestu du dokumental hau. Gaia: 1983ko Aste Nagusian hiria hondatu zuten uholdeen ostean egindako zaharberritze-lanak. Botxoko beste gertakari eta mugarri batzuk ere jorratzen ditu: Santa Ageda eguna, San Tomas azoka Plaza Berrian, Gabonak, abuztuko jaiak eta Gabarraren paseoa itsasadarrean zehar, Athleticek Liga irabazi zuen urtean. Argazkilaria: Javier Aguirresarobe.

ZONBI EGUNA, Bilboko zinemagilearen lanik berriena. Urteko Txirenada Onenaren Saria jaso du aurten. Euskal pertsonaia ezagunak, honezkero hilik daudenak, beren hilobietatik atera eta badoaz txakolin bat hartzera, Zazpikaleetara: Miguel de Unamuno, Sabino Arana, “Pasionaria”, “Pichichi”, Diego López de Haro eta Juan Carlos Eguillor. Musikal baten tankera du, eta Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko (ZINEBI) azken edizioan aurkeztu zen. Sekulako arrakasta izan zuen.

Film labur hauen proiekzioan parte hartuko dute Pedro Oleak eta Unai Aizpuruk, Bilboko Zazpikaleetako Ostalarien Elkarteko lehendakariak.

 

Pedro Olea Bilbon jaio zen, eta Ekonomia Zientziak ikasi zituen Sarrikon. Garai berean, Unibertsitateko Zine Kluba kudeatu zuen, eta 8 eta 16 mm-ko film batzuk egin zituen. Madrilera joan zen, Zinema Eskola Ofizialean ikastera, eta, ondo joan zitzaionez, ekonomia-ikasketak utzi, eta zinemari eman zitzaion osoki, horixe gustatzen baitzitzaion gehien. 1964an graduatu zen, "Anabel" izeneko film labur batekin. “Nuestro cine” aldizkarian idatzi zuen, eta hainbat lan egin zituen TVE telebista-katean, besteak beste, “La ronca”, “El rastro de Ramón”, “Último grito”, Victor Manueli buruzko saio berezi bat, “La la la” kantuaren spota, Serratekin, eta “La ría de Bilbao”. Film handien sorta iritsi zen ondoren: “El bosque del lobo”, “No es bueno que el hombre esté solo”, “Tormento”, “Pim, pam, pum fuego”, “Un hombre llamado Flor de Otoño”, “Bandera negra”, “El maestro de esgrima”, “Más allá del jardín” eta “Tiempo de tormenta”, besteak beste. Hollywoodeko Oscar sarietarako hautatu zituzten bere bi film: “La casa sin fronteras” eta “El maestro de esgrima”. Euskal zinemaren barruan ere egin ditu lan esanguratsuak, hala nola, “La casa sin fronteras”, “10 melodías vascas”, “Akelarre”, “Ikuska 2”, Gernikako bonbardaketari buruz, eta saio honetan ikusiko dugun "Biotzez" dokumentala. Bi antzezlan ere zuzendu ditu: Antonio Galaren “Inés desabrochada”, Concha Velasco eta Paco Valladaresekin, eta “El pisito”, Asunción Balaguerrekin.