BILBO ZINEMAZ BLAI -II-: LEGERIK GABEKO AUZOAK
Hiribilduaren historia nostalgiko eta sozialaren inguruko dokumental berezien zikloko bigarren partea.
Aurkezpenak eta elkarrizketak Alberto López Echevarrieta eta Carlos Bacigalupe kazetarien eskutik
Deskargatu: Egitaraua
Osteguna, 2016ko maiatzaren 5a. 19:30etan - “LEGERIK GABEKO AUZOAK”
Ikuska 3: Rekalde-Betolaza (Antton Merikaetxebarria, 1979) 12’
Criss Cross & Deskarga batzuk (Jon Bernat Heinink, 1982) 19’
Gonbidatuak: Antton Merikaetxebarria, Jon Bernat Heinink, Heiga Filmeak produktorea
Ikuska 3: Rekalde-Betolaza dokumental honek kritika egiten dio Bilboko hiri-plangintzari, garai batean ez baitzegoen plangintza koherenterik, eta, ondorioz, sekulako kaltea eragin baitzen hiriko gerriko periferikoetan. Film honetan, zoruaren gaineko espekulazioak ekarritako hirigintza-arazoak agertzen dira. Antton Merikaetxeberriak zuzendu zuen, "Ikuska" sailerako, eta Urrezko Maskorra eman zioten, Film Labur Onenari, ZINEMALDIAN, Donostiako Nazioarteko Zinema Jaialdian.
Antton Merikaetxeberria bertan izango da filma aurkezten.
Antton Merikaetxeberria, bilbotarra, ezagun dugu film laburrak eta dokumentalak zuzendu dituelako eta zinema-kritikak ere idatzi dituelako. Hainbat aldizkaritan kolaboratzen du. Hitzaldiak ematen ditu askotariko kultur zentroetan, eta, horrez gain, liburu interesgarriak ere argitaratu ditu, hala nola, "Raoul Walsh… a lo largo del sendero”, Raoul Walsh zinemagile bereziaren obrari buruzko saiakera (besteak beste, “El mundo en sus manos”, “Más allá de las lágrimas” eta “La esclava libre” filmak zuzendu ditu). Zuzendari horren historia, zinema mututik hasita soinudunera iritsi arte, zinemaren historiarekin batera doa, orpoz orpo.
Criss Cross & Deskarga batzuk fikziozko film laburra; istorioa Bilbon gertatzen da, gau-giroan. Piano-jotzaile batek amaiera eman dio lanegunari, gaueko ordu txikitan, jazz-club batean aritu ostean. Etxera bidean doala, ohiko ibilbidean barrena, emakume bat erailtzen dutela ikusten du. Film honek bigarren saria jaso zuen Alcalá de Henaresko Zinema Jaialdian, 1982an, eta euskal zinema beltza egiteko saiakera bitxienetako bat da, 40ko hamarkadako Hollywood gogora ekarriz. Honako aktore hauek hartu zuten parte: Mario Negrete, José Antonio Pérez, Javier Chávarri, Lander Mendieta, Jon Lasuen, Reinhard Valeruz eta Annelise Lindegaardek. Max Steinerrek osatu zuen soinu-banda.
Aurkezpenean izango dira J. B. Heinink zinemagilea eta Heiga Filmeak ekoiztetxeko kideak.
Jon Bernat Heinink Ziordia Bilbon jaio zen, eta bertan egin zituen ikasketak ere, Industria Ingeniarien Eskola Ofizialean. Hainbat lanetan jardundakoa da: diskoteka-kate bateko musika-zuzendari, soinu-muntatzaile Radio Bilbaon eta azalgile CBSn. Musika eta zinemari buruzko artikuluak argitaratu izan ditu, hainbat hedabidetan. 1973an Unibertsitateko Zine Klubera joaten hasi zen, euskal zinema modernoaren sorburura, eta bertako zuzendaritza-batzordean sartu zen gero. Sarrikoko Zine Kluba sortu zuen, eta horren bitartez egin zuen bere lehen filma: “Ikurriñaz filmea”. Zinema zabaldu zuen, proiekzio ibiltariak eginez. Heiga Filmeak ekoiztetxea sortu zuen, Aurelio Garroterekin batera, Euskaditik alde egin gabe zinema egiteko ahaleginean. “Catálogo de películas estrenadas en Bizkaia. 1929-1937” katalogoa idatzi zuen. Ospea lortu zuen nazioartean, “Cita en Hollywood. Antología de las películas norteamericanas habladas en castellano” liburuari esker. Asociación Española de Historiadores de Cine elkarteko kidea izan zen, eta Association Française de Recherche sur l’Histoire du Cinéma elkarteko kidea da oraindik ere.