BILBO ZINEMAZ BLAI - II -
Hiribilduaren historia nostalgiko eta sozialaren inguruko dokumental berezien zikloko bigarren partea.
Aurkezpenak eta elkarrizketak Alberto López Echevarrieta eta Carlos Bacigalupe kazetarien eskutik
Deskargatu: Egitaraua
Osteguna, 2016ko maiatzaren 5a. 19:30etan - “LEGERIK GABEKO AUZOAK”
Ikuska 3: Rekalde-Betolaza (Antton Merikaetxebarria, 1979) 12’
Criss Cross & Deskarga batzuk (Jon Bernat Heinink, 1982) 19’
Gonbidatuak: Antton Merikaetxebarria, Jon Bernat Heinink, Heiga Filmeak produktorea
Ikuska 3: Rekalde-Betolaza dokumental honek kritika egiten dio Bilboko hiri-plangintzari, garai batean ez baitzegoen plangintza koherenterik, eta, ondorioz, sekulako kaltea eragin baitzen hiriko gerriko periferikoetan. Film honetan, zoruaren gaineko espekulazioak ekarritako hirigintza-arazoak agertzen dira. Antton Merikaetxeberriak zuzendu zuen, "Ikuska" sailerako, eta Urrezko Maskorra eman zioten, Film Labur Onenari, ZINEMALDIAN, Donostiako Nazioarteko Zinema Jaialdian.
Antton Merikaetxeberria bertan izango da filma aurkezten.
Antton Merikaetxeberria, bilbotarra, ezagun dugu film laburrak eta dokumentalak zuzendu dituelako eta zinema-kritikak ere idatzi dituelako. Hainbat aldizkaritan kolaboratzen du. Hitzaldiak ematen ditu askotariko kultur zentroetan, eta, horrez gain, liburu interesgarriak ere argitaratu ditu, hala nola, "Raoul Walsh… a lo largo del sendero”, Raoul Walsh zinemagile bereziaren obrari buruzko saiakera (besteak beste, “El mundo en sus manos”, “Más allá de las lágrimas” eta “La esclava libre” filmak zuzendu ditu). Zuzendari horren historia, zinema mututik hasita soinudunera iritsi arte, zinemaren historiarekin batera doa, orpoz orpo.
Criss Cross & Deskarga batzuk fikziozko film laburra; istorioa Bilbon gertatzen da, gau-giroan. Piano-jotzaile batek amaiera eman dio lanegunari, gaueko ordu txikitan, jazz-club batean aritu ostean. Etxera bidean doala, ohiko ibilbidean barrena, emakume bat erailtzen dutela ikusten du. Film honek bigarren saria jaso zuen Alcalá de Henaresko Zinema Jaialdian, 1982an, eta euskal zinema beltza egiteko saiakera bitxienetako bat da, 40ko hamarkadako Hollywood gogora ekarriz. Honako aktore hauek hartu zuten parte: Mario Negrete, José Antonio Pérez, Javier Chávarri, Lander Mendieta, Jon Lasuen, Reinhard Valeruz eta Annelise Lindegaardek. Max Steinerrek osatu zuen soinu-banda.
Aurkezpenean izango dira J. B. Heinink zinemagilea eta Heiga Filmeak ekoiztetxeko kideak.
Jon Bernat Heinink Ziordia Bilbon jaio zen, eta bertan egin zituen ikasketak ere, Industria Ingeniarien Eskola Ofizialean. Hainbat lanetan jardundakoa da: diskoteka-kate bateko musika-zuzendari, soinu-muntatzaile Radio Bilbaon eta azalgile CBSn. Musika eta zinemari buruzko artikuluak argitaratu izan ditu, hainbat hedabidetan. 1973an Unibertsitateko Zine Klubera joaten hasi zen, euskal zinema modernoaren sorburura, eta bertako zuzendaritza-batzordean sartu zen gero. Sarrikoko Zine Kluba sortu zuen, eta horren bitartez egin zuen bere lehen filma: “Ikurriñaz filmea”. Zinema zabaldu zuen, proiekzio ibiltariak eginez. Heiga Filmeak ekoiztetxea sortu zuen, Aurelio Garroterekin batera, Euskaditik alde egin gabe zinema egiteko ahaleginean. “Catálogo de películas estrenadas en Bizkaia. 1929-1937” katalogoa idatzi zuen. Ospea lortu zuen nazioartean, “Cita en Hollywood. Antología de las películas norteamericanas habladas en castellano” liburuari esker. Asociación Española de Historiadores de Cine elkarteko kidea izan zen, eta Association Française de Recherche sur l’Histoire du Cinéma elkarteko kidea da oraindik ere.
Osteguna, 2016ko maiatzaren 12a. 19:30etan - “BILBON NORBAIT BAHITZEA”
Octubre 12 (Ernesto del Río y Luis Eguiráun, 1982) 13’
El ojo de la tormenta (Ernesto del Río y Luis Eguiráun, 1984) 13’
Gonbidatuak: Luis Eguiráun, Ernesto del Río, Mario Pardo
Octubre 12 Fikziozko film laburra. Valeriak, Bilbon erbesteratuta bizi den gazte argentinarrak, Latinoamerikako gaiei buruzko hitzaldiak ematen ditu. Daniel, argentinarra bera ere, hitzaldi horietako batera joan da, eta zain geratu zaio hitzaldia amaitu ostean. Hortxe abiatzen da bahiketa politiko bat, Valeria buru-belarri harrapatzen duena, berak nahi ez badu ere.
Film honek hainbat sari jaso ditu: Kultura Ministerioaren Kalitate Sari Berezia, Zilarrezko Mikeldi Saria eta Euskal Zinemaren Saileko Sari Nagusia, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian (ZINEBI).
Protagonistak: Walter Vidarte eta Cecilia Roth.
El ojo de la tormenta Fikziozko film laburra. Matías gazteak arazo ekonomikoak ditu, eta Txarorengana jotzen du sarri, diru-eske. Harreman zail samarra dute. Ironiaz aritzen dira, eta gauzak leporatzen dizkiote elkarri. Matíasek, kasualitatez, bere diru-arazoak konpontzeko modua topatu du, modu nahiko berezia bada ere. Euskal industria-gizon bat bahitu dute, eta gazteak aurkitu egin du.
Film honek hainbat sari jaso ditu: Kultura Ministerioaren Kalitate Sari Berezia, Alcalá de Henaresko XIII. Zinema Jaialdiko Lehen Saria, Melillako Nazioarteko Zinema Asteko Urrezko Anfora, eta Zilarrezko Mikeldi Saria, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian (ZINEBI).
Protagonista: Mario Pardo.
Luis Eguiráun eta Ernesto del Río zinema-zuzendariak film hauen aurkezpenean izango dira, eta bertan izango da Mario Pardo aktorea ere.
Luis Eguiráun historia eta pedagogiako lizentziaduna da, Deustuko Unibertsitatean ikasitakoa. Deustuko eta Unibertsitateko zine-kluben sorreran parte hartu zuen. Besteak beste, “El amor de ahora, “No me compliques la vida”, “Hotel y domicilio” eta “Entre todas las mujeres” film luzeen gidoiak idatzi ditu. Gaur egun, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko (ZINEBI) programazioaz arduratzen da.
Ernesto del Río zuzenbidean lizentziaduna da, Deustuko Unibertsitatean ikasitakoa. 1974an Deustuko Zine Kluba sortu zuen. Besteak beste, “El amor de ahora”, “No me compliques la vida” eta “Hotel y domicilio” film luzeen gidoiak idatzi ditu, elkarlanean. Gaur egun Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia (ZINEBI) zuzentzen du.
Mario Pardok interpretazioa ikasi zuen Madrilgo Zinema Eskola Ofizialean. Unamuno saria jaso zuen, Unibertsitateko Antzerkian egindako lanagatik, izan ere, bertan aritzen zen lanean, Salamancan, filosofia eta letrak ikasi bitartean. Film askotan parte hartu du, besteak beste: “La decente”, “La cólera del viento”, “La fuga de Segovia”, “La colmena" eta “El hermano bastardo de Dios”. Telebistan ere sarritan arituizan da: “Fortunata y Jacinta”, “Los desastres de la guerra”, “Lorca, muerte de un poeta” eta “Cuéntame cómo pasó”.
Osteguna, 2016ko maiatzaren 26a. 19:30etan - “HUTSETIK HASTEA”
Biotzez (Pedro Olea, 1985) 24’
Zonbi eguna (Pedro Olea, 2015) 16’
Gonbidatuak: Pedro Olea, Unai Aizpuru (Bilbo Zaharreko Merkatarien Elkartea)
Bihotzez Bilboko Zazpikaleetako Ostalarien Elkarteak babestu du dokumental hau. Gaia: 1983ko Aste Nagusian hiria hondatu zuten uholdeen ostean egindako zaharberritze-lanak. Botxoko beste gertakari eta mugarri batzuk ere jorratzen ditu: Santa Ageda eguna, San Tomas azoka Plaza Berrian, Gabonak, abuztuko jaiak eta Gabarraren paseoa itsasadarrean zehar, Athleticek Liga irabazi zuen urtean. Argazkilaria: Javier Aguirresarobe.
Zonbi Eguna Bilboko zinemagilearen lanik berriena. Urteko Txirenada Onenaren Saria jaso du aurten. Euskal pertsonaia ezagunak, honezkero hilik daudenak, beren hilobietatik atera eta badoaz txakolin bat hartzera, Zazpikaleetara: Miguel de Unamuno, Sabino Arana, “Pasionaria”, “Pichichi”, Diego López de Haro eta Juan Carlos Eguillor. Musikal baten tankera du, eta Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko (ZINEBI) azken edizioan aurkeztu zen. Sekulako arrakasta izan zuen.
Film labur hauen proiekzioan parte hartuko dute Pedro Oleak eta Unai Aizpuruk, Bilboko Zazpikaleetako Ostalarien Elkarteko lehendakariak.
Pedro Olea Bilbon jaio zen, eta Ekonomia Zientziak ikasi zituen Sarrikon. Garai berean, Unibertsitateko Zine Kluba kudeatu zuen, eta 8 eta 16 mm-ko film batzuk egin zituen. Madrilera joan zen, Zinema Eskola Ofizialean ikastera, eta, ondo joan zitzaionez, ekonomia-ikasketak utzi, eta zinemari eman zitzaion osoki, horixe gustatzen baitzitzaion gehien. 1964an graduatu zen, "Anabel" izeneko film labur batekin. “Nuestro cine” aldizkarian idatzi zuen, eta hainbat lan egin zituen TVE telebista-katean, besteak beste, “La ronca”, “El rastro de Ramón”, “Último grito”, Victor Manueli buruzko saio berezi bat, “La la la” kantuaren spota, Serratekin, eta “La ría de Bilbao”. Film handien sorta iritsi zen ondoren: “El bosque del lobo”, “No es bueno que el hombre esté solo”, “Tormento”, “Pim, pam, pum fuego”, “Un hombre llamado Flor de Otoño”, “Bandera negra”, “El maestro de esgrima”, “Más allá del jardín” eta “Tiempo de tormenta”, besteak beste. Hollywoodeko Oscar sarietarako hautatu zituzten bere bi film: “La casa sin fronteras” eta “El maestro de esgrima”. Euskal zinemaren barruan ere egin ditu lan esanguratsuak, hala nola, “La casa sin fronteras”, “10 melodías vascas”, “Akelarre”, “Ikuska 2”, Gernikako bonbardaketari buruz, eta saio honetan ikusiko dugun "Biotzez" dokumentala. Bi antzezlan ere zuzendu ditu: Antonio Galaren “Inés desabrochada”, Concha Velasco eta Paco Valladaresekin, eta “El pisito”, Asunción Balaguerrekin.
Osteguna, 2016ko ekainaren 2a. 19:30etan - “BETI IZANGO DUGU BILBAO”
Bilbao en la memoria (Javier Rebollo y Juan Ortuoste, 1987) 15’
Bilbao mientras tanto (Javier Rebollo y Juan Ortuoste, 1987) 15’
Bilbao como un mosaico (Javier Rebollo y Juan Ortuoste, 1987) 15’
Gonbidatuak: Javier Rebollo, Juan Ortuoste, María Eugenia Salaberri
Bilbao en la memoria Dokumental honetan, memoria biltzeko edukiontzi bat da hiria. Gaur egungo eta iraganeko gertakarien oroitzapenak, memorien memoria, hitz askorekin osatutako hitzak.
Bilbao mientras tanto Dokumentala. Egitura eta zerbitzuak ez zaizkigu interesatzen datuak diren heinean, baizik eta martxan mantentzen dutelako hiria. Hiriko bizitzari erreparatuko diogu, egun batez.
Bilbao en un mosaico Dokumentala. Kultura amalgama modura agertzen zaigu, muntaketan nahasten baitira herri kultura eta finezia handiko kultur adierazpideak, hari batek elkarlotuta, Arriaga Antzokiaren berrestreinaldira iristeraino.
Argumentua, honako hauen testuak abiapuntu: Gabriel Aresti, Cortázar, Teófilo Guiard, Blas de Otero eta Rafael Sánchez Mazas.
Musika: Juan Crisóstomo de Arriaga, Carmelo Alonso Bernaola eta Luis de Pablo.
Film laburren aurkezpenean izango dira zinemagileak eta María Eugenia Salaberri gidoigilea.
Javier Rebollo industria-ingeniaria da, Bilboko Goi Eskolan ikasitakoa. Argazkilari aritu da gaztetatik, eta bakarkako erakusketak egin zituen 1967an eta 1968an. Unibertsitateko Zine Klubaren sorreran parte hartu zuen. Ikus-entzunezkoen Saila diseinatu eta antolatu du, Bilboko Industria Ingeniarien Goi Eskolan. 1974an Lan Zinema ekoiztetxea sortu zuen, Juan Ortuosterekin batera, eta publizitate-spotak, dokumentalak, film labur eta luzeak ekoizten dituzte. Besteak beste, honako film hauek zuzendu ditu: Siete calles” (Ortuosterekin batera zuzendua), Mariví Bilbao-Goyoagarekin; “Golfo de Vizcaya”, Omero Antonuttirekin; “Calor y celos”, Ana García Obregónekin; “Marujas asesinas”, Neus Asensirekin, eta “Locos por el sexo”, Karra Elejalderekin.
Juan Ortuostek ere industria-ingeniaritza ikasi zuen Bilboko Goi Eskolan. Bertan ezagutu zuen Javier Rebollo, eta ibilbidea ondu dute biek zinemagintzan. Hainbat film labur idatzi eta zuzendu ditu; hala ere, muntaketan aditua da bereziki. Bi film luze zuzendu ditu: “El amor de ahora”, Juan Diegorekin, eta “Entre todas las mujeres”, Antonio Resinesekin.
María Eugenia Salaberri idazlea da. Sarritan idazten du "El País" egunkarian. Film hauen gidoiak idatzi ditu: “Marujas asesinas” (2001), “Locos por el sexo” (2006), “Alaba zintzoa” edo “La buena hija” (2013) eta “La matanza” (2015).