Jaia Kili-Kilirekin, Euskal Museoan
Lagun asko bertaratu ziren Labayru Fundazioak aldizkari ospetsuari buruz antolatutako hitzaldira
Labayru Fundazioko zuzendari Igone Etxebarria arduratu zen honako hauek aurkezteaz: Jesus Eguzkiza, bikoiztailea eta irratiko esataria; Asier Astigarraga, filologoa eta Arrasateko Arizmendi Ikastolako irakaslea, eta Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako foru diputatua. Horiek izan ziren Euskal Museoan egin zen “Kili-Kili barru-barrutik” hitzaldia eskaini zutenak. Ehun lagunek baino gehiagok arretaz entzun zuten hiru hizlariek esandakoa, eta hainbat alditan parte hartu eta sustatu duten argitalpenarekiko loturaren berri eman zuten.
Jesus Eguzkizak entzuleak hunkitu zituen, euskarak, ikaskuntzak eta jolasak markatutako haurtzaroko bitxikeriak kontatzean. Besteak beste, Kili-Irratiaz hitz egin zuen, eta argitalpen ospetsuari loturiko oroitzapen guztiak aipatu zituen. Euskararen erabilera aldarrikatzeko unea ere izan zuen.
Bestalde, euskararen erabilerak ibilbide errazik ez zuen garaian Kili-Kilin izandako bizipenetatik sortutako emozioez mintzatu zen Asier Astigarraga, hainbat hitzez baliatuta. Pertsonaiak beti zeraman irribarrea, arkatza edo mahaia ere aipatu zituen Astigarragak.
Azkenik, Lorea Bilbaok gogorarazi zuen Kili-Kiliren Lan ta Lan koadernoa egitea zenbat kostatzen zitzaion edo oraindik maitasun handiz gordeta duen komikia zenbat atsegin zuen, besteak beste. Kili-Kili egunean izandako bizipenak ere kontatu zituen, oso jardunaldi berezia izan baita berarentzat. Gainera, Kili-Irratiko parte-hartzea, argitalpenak sustatzen zituen jarduerak eginez sortutako lagunak eta euskara bezalako gaiak ere jorratu zituen, bai eta horrek euskal kulturarako ateak nola ireki zizkion ere.
Bertaratutako entzuleek emozioz gogoratu zuten hitz bakoitzarekin Kili-Kilik euskararen erabilera sustatzeko egindako lan handiaren garaia.
Amaitu aurretik, Anastasio de Olabarriaren D. Claudio, el cura de San Antón liburua oparitu zitzaien hitzaldira bertaratutakoei.