MIKELDI IDOLOA DISTIRATSU AGERTU DA, BERRIRO JENDAURRERATZEAN
Atzo, hilaren 2an (asteazkena), oso egun handia izan zen Bilboko Euskal Museoarentzat, eta, bereziki, Mikeldi idoloarentzat.
Gure pieza ospetsuenetakoaren, hain zuzen ere, gune berezi horretan nagusitzen den eskulturaren kontserbazioa hobetzeko asmoz klaustroan egindako lanak amaitu ondoren, egindako lanen amaierako emaitza aurkeztu zitzaien gonbidatuei.
Gonbidatutako agintari asko izan ziren ekitaldian: Bilboko alkate Juan Mari Aburto, Kulturako zinegotzi eta Euskal Museoko presidente Nekane Alonso, Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementería eta Kulturako foru diputatu Lorea Bilbao. Era berean, ezin ditugu ahaztu, ezta nahi ere, Gondra&Barandiaran Fundazioko ordezkariak; Fundazioko presidente Guillermo Barandiaran buru zela, ekitaldian ohorezko lekua izan zuten, haien ekarpenari esker egin baita berriztapena eta birmoldaketa.
Bertaratutakoen artean, museoaren lagun talde handia egon zen, bai eta Bilboko beste museo batzuetako zuzendariak ere, Arte Ederren Museoko Javier Viar, Eleiz Museoko Juan Manuel González Cembellín eta Itsas Museoko Jon Ruigómez, besteak beste. Antzerkiaren mundutik, Itziar Lazcano etorri zen, bere semearekin batera.
Eta, nola ez, museoak Bizkaiko zein Bilboko hainbat erakundetako kide ugariren eta Bilboko gizarteko lagunen babesa izan zuen.
Ekitaldian, bideo bat proiektatu zen, eta hainbat lagunek, maitasun handiz, euren ahotsa jarri zuten, Euskal Museoak zer sentimendu eragiten dien adierazteko.
Gau-ekitaldian Garikoitz Mendizabalen eta Aitor Furundarenaren musika entzuteko aukera izan zen.
Eskerrik asko denoi, museoarentzat hain berezia den ekitaldi honetan parte hartzeagatik. Amaitzeko, bisita egitera etortzeko gonbita egiten dizuegu.