Berriak

PEDRO OLEAK ETA LA RIA DE BILBAO IZENEKO BERE FILMAK ARRAKASTA HANDIA IZAN DUTE

Joan den ostegunean, urriaren 15ean, jende ilara luzea sortu zen Euskal Museoaren sarreraren aurrean, La Ría de Bilbao filmaren proiekzioan eta filmaren zuzendari Pedro Olearen hitzaldian egon ahal izateko.

Bilboko historia nostalgiko eta sozialaren inguruko dokumental-zikloko azkena zen Olearen film laburra. Zikloak nabarmen gainditu ditu gure itxaropenak, publikoaren bertaratzea masiboa izan baita.

Aurkezpena, aurreko edizioetan bezala, Carlos Bacigalupek eta Alberto López Echevarrietak egin zuten. Filmaren sarrera egin, eta zuzendariaren, Pedro Olearen, biografia azaldu zuten; bertan, zinegilearen filmografia luzea zerrendatu zuten: Flor de otoño, Tormento, El maestro de esgrima, besteak beste.


Zuzendariak ez zuen hutsik egin , eta bi kazetariek egindako galderei erantzun zien. Era horretan, Bilborekin eta, batez ere, Alde Zaharrarekin duen loturaren berri izan genuen, eta toki horretan oso eroso sentitzen dela jakin genuen. Aktore izateko eduki zuen nahia ere aipatu zuen, baita beste hainbat pasadizo ere, adibidez: Eurovisión lehiaketarako “La, La, La...” (1968) abestiaren inguruan grabatu zuen iragarkia, Joan Manuel Serratek interpretatuta, Kultura Ministerioarekin izan zituen arazoak, bere omenezko “San Pedro Olea” bilbokeria... azken horrek ikus-entzuleen barre-algarak eragin zituen, testua irakurri ostean.

Publikoak adi-adi eta interes handiarekin entzun zituen garai batean probokaziotzat hartu zen  La Ría de Bilbao harribitxi txikiaren filmaketari buruzko hitz, ironia eta iruzkin guztiak.

Bere azken lana, El día del zombie, ere aurkeztu zuen. Bilbon filmatu da, eta protagonistetako bi, Lander Otaola eta Ylenia Baglieto, proiekzio-hitzaldian izan ziren.

Ostegunekoa “Bilbo zinemaz blai” zikloaren amaierako ekitaldia izango zen, baina loturazko ekimen bihurtu da azkenean; izan ere, azaroaren 19an, txabolismoari buruzko dokumentalak proiektatuko ditugu berriro, eta orduan emango dugu amaitutzat film laburren serie hau.

Beste behin ere, eskerrak eman nahi dizkiegu "Bilbo Zinemaz Blai"  ziklora etorri diren pertsona guztiei.