Berriak

Hispania Films-en hiru proiekzioek publikoa liluratu dute

Aurreko ostegunean proiektatu ziren hiru pelikulak Bilbon ekoitzi, filmatu, muntatu eta estreinatu zituen Hispania Films produkzio-etxeak. 20ko hamarkadan Bizkaian funtzionamenduan zeuden lau produkzio-etxeetako bat zen.

Alberto López Echevarrieta eta Carlos Bacigalupe kazetariak Juan Bas idazle eta gidoilariarekin batera egon ziren ekitaldian. Azken horrek film laburrei buruzko aipamen interesgarriak egin zituen, bereziki, “Lolita, la huérfana” filmari buruzkoak. Ama batek utzitako neskak jasaten duen lan esplotazioari buruzko drama horretan, zinemako narrazio erritmoa nabarmendu zuen Basek. Datu bitxi gisa, gidoia Alejandro Olabarriarena zen. Produkzio-etxearen sortzaileetako bat izan zen, eta , lanbidez, erlojularia zen Mirasol Kondearen kalean.


“Edurne, modista bilbaina” (1924) filmaren kasuan, Telesforo Gilek, Posta Zerbitzuko funtzionarioak, apustua egin zuen behin: angula-afaria jokatu zuen, behar beste kapital izanez gero amerikarrak bezalako pelikula bat egiteko gai zela esanez. Apustua onartu zuten, eta modu horretan sortu zen gidoia. Pelikula ez da gorde; izan ere, gozoki-etxe bati eman zitzaion dohaintzan, fotogramaz fotograma zatitzeko, eta zatietako bakoitzak gozoki bat biltzen zuen. Lata batean, filmetik at geratu ziren zatiak gorde ziren, eta, horri esker, filma nolakoa zen jakin dezakegu.

Azken film laburra “Un drama en Bilbao” (1923) izan zen. “El crimen de Castrejana” izenaz ere da ezaguna, gidoia benetako gertakizunetan oinarrituta zegoelako eta orduko Bilbon oihartzun handia izan zuelako.  Bitxikeria gisa, produkzio-etxeak Bilbon egin zuen lehenengo lana izan zen film hori.

Datu horien eta beste zenbaiten berri izan zuten proiekziora bertaratu zirenek. Datuok ez dira oso ezagunak, eta, horiei esker, hogeiko hamarkadan pelikulak sortzeko prozesua nolakoa zen jakin ahal izan zen.

Amaitzeko, Juan Bas idazleak nobela berria argitaratuko duela esan zuen; “Pájaros de barro” izango da izenburua, eta azaroan aurkeztuko du jendaurrean.

Museoak eskerrak eman nahi dizkie bertaratu ziren guztiei, eta urriaren 8an izango den proiekziora gonbidatzen ditu. Urriaren 1ean, ostegunean, geldialdia egingo dugu, aldi baterako hurrengo erakusketaren inaugurazioa dela-eta.