Berriak

Jende ugari bildu zen EHUko irakasle Arantza Pareja Alonsoren "Emakumeak eta lana gizarte garaikidean. Harreman eztabaidagarria" hitzaldian

Emakumea bat-batean lan munduan sartu izana esaldi erabilia da gaur egungo gizartean; behin eta berriro erabiltzen da emakumearen eta lanaren arteko edozein gatazka azaldu edo justifikatzeko. Kontzeptu hori, hizlariaren ustez, onargaitza da; izan ere, emakumezkoek etxeko esparrutik kanpo egindako soldatapeko lana egitatea izan da historian, eta eragin nabarmenagoa izan zuen XX. mendetik aurrera, orduan hasi berria zen industriaren esparruan. 


Azterketa historikoa egin ostean, egiaztatu du emakumezkoen lana ikusezina izan dela zenbait alderditan, bai orain, bai orduan, hala erregistro ofizialetan nola gizartean. Ikusezintasun hori zaila da apurtzen; orduko gizarte-estamentuen interesen bateratzearen emaitza da, gizarte-eredu zehatz, egituratu eta ordenatua eraikitzeko bidean, familian oinarritua, non emakumearen zeregina ugaltzea eta umeak zaintzea zen. Eredu patriarkal eta hierarkiko horren arabera, XX. mendean emakumea babestu egiten zen, gizona baino biologikoki ahulagoa omen baitzen, eta, bide batez, lan munduan eragin lezakeen lehiakortasuna ezabatzen zuen.

AEBn eta Europan apurtu egin zen egoera hori gerra arteko garaian, bat-batean emakume ikasi, moderno eta autonomoak agertu baitziren; Espainiako Estatuan, aldiz, diktaduraren amaierara arte itxaron behar izan zen, emakumeak lan munduan modu librean sartzeko. Ikusgarritasuna berandu iritsi den arren, indartsu sartu da egungo gizartean. Emakumeen eskubideen alde sortutako legediak inbidia piztu zuen Europako gainerako herrialdeetan. 

Hitzaldiaren ostean, publikoaren eta hizlariaren arteko eztabaida izan zen, emakumea-lana binomioari buruzko bizipen pertsonalei eta egungo egoeraren analisiari buruz.