Berriak

Bizkaiko emakumezkoen kirolaren aitzindariei egindako omenaldia

Atzo, martxoak 5, Euskal Museoak Emakumea eta Kirola argazki-erakusketa inauguratu zuen. Espero dugu, erakusketa honen bitartez, jendeak gutxi ezagutzen duen historia hau ezagutarazten laguntzea.

Goizean, prentsaurrekoa izan zen, Ibone Bengoetxeak, Euskal Museoko presidente eta Bilboko Udaleko alkateorde eta Kultura eta Hezkuntzako zinegotziak, eta Sorkunde Aiarzak, Euskal Museoko koordinatzaileak, aurkeztuta.

Arratsaldean, Sorkunde Aiarzaren ongietorriaren ostean, museoak erakusketaren inauguraziora etorritako lagunei egin zien harrera; bertan, emakumezkoen kirolaren aitzindari haietako bi ezagutzeko pribilegioa izan zuten. Carmen de Ybarrak eta Ana Clara Ferrerrek, belar-hockeyko jokalariek, emakume gutxi batzuek kirola egiten zuten garai hartako bizipenak kontatu zituzten.


Era berean, Ernesto Díaz kazetari ezagunaren eskutik, bisita gidatua egin zen erakusketara. Ibilbide xehea eskaini zuen, eta hainbat kirol-diziplinatako protagonistei buruzko istorio interesgarriak kontatu zituen. Argazkiez gain, horiek jasotzen zituzten istorioez ere hitz egin zuen. Lekukotza historiko zehatzak liluratu egin zituen bertaratutakoak.

Museoaren babesle den Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkari gisa, Maitane Leizaola, Gazteria eta Kirol Saileko zuzendaria, eta Leire Zorrozua, Kultura Saileko komunikazio arduraduna, izan ziren erakusketan.

Nabarmentzekoa da Begoña Gutierrez Abaitua ere bertaratu izana, eskuzabaltasun osoz erakusketan ikusgai dauden hainbat jokorako tresna utzi baitizkio museoari.

Horrez gain, eskerrak eman nahi dizkiegu erakusketa erakargarri honen inaugurazioarekin bat egitera bertaratu ziren guztiei.

 

 

 


" title="" target="_blank" class="btn btn-secondary">_