Berriak

Euskal Museoak Ondare Bizia web plataformaren eta Ahaztutako Garaiak dokumentalaren aurkezpena hartu zuen

Joan den ostegunean, abenduaren 18an, Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak egindako lan bat aurkeztu zen Euskal Museoko Kontsulatu aretoan. Sorkunde Aiarzak, Euskal Museoko koordinatzaileak, ekitaldiko hasierako agurra eskaini zuen, eta Nerea Mujikak, Euskal Gaien Institutuko zuzendariak, eta proiektuan parte hartu duten Pedro Oiarzabal, Sonia Bonifacio eta Mauri Vicente jaun-andreek ikerketa-lanaren sarrera egin zuten.


Aipatutako lanak bi elementu uztartzen ditu: alde batetik, Ondare Bizia. Gure Memoria Eraikitzen web plataforma; bestetik, Tiempos Olvidados dokumentala. Hiru urte abian daramatzan proiektu honek euskaldunen erbestealdiari, emigrazioari eta itzulerari buruzko topaketarako, hausnarketarako eta dokumentaziorako plataforma izan nahi du.  Hainbat erbesteraturen, gerrako umeren eta emigratzaile ekonomikoren lekukotza ugari jaso dira: hogeita lau bideo formatuan daude jasota, eta, beste hogeita hamabost, audioan.

Ekitaldia oso hunkigarria eta jendetsua izan zen; besteak beste, dokumentalerako lekukotza eman duten pertsonetako asko izan ziren bertan, eta, era berean, elkar ezagutzeko aukera izan zuten.

Dokumentala Euskal Museoan proiektatuko da 2014ko abenduaren 19tik 2015eko urtarrilaren 31ra, egunero, 12:00etan eta 18:00etan.

Era berean, Ondare Bizia Ondare Bizia: Euskal Erbestea, Emigrazioa eta Itzulera Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak eta Giza Eskubideen Institutuak lideratzen duten ikerketa proiektuaren lineako plataforma bisitatzera gonbidatzen zaituztegu: www.ondarebizia.deusto.es
 

 

LogoUD  Bizkailab  Bilbao  Euskal Museoa