Berriak

"Volver del Sueño" filmak amaiera bikaina eman zion azaroko jardueren zikloari.

Joan den ostegunean, azaroaren 27an, oso film bilbotarraz gozatu ahal izan zuen Euskal Museoko Kontsulatu aretoan bildu zen jende mordoak.


Proiekzioaren aurretik, Alberto López Echevarrietak eta Alfonso Carlos Saiz Valdivielsok (zintaren gidoilaria eta jatorrizko ideiaren sortzailea) elkarrizketa-solasaldia izan zuten. Filmaren sorkuntza-prozesuaz eta finantziazioaren bilaketaz hitz egin zuten, eta azaldu zuten nola aukeratu zuten Miguel Picazo zuzendaria eta Javier Loyola protagonista.

Filma 1986an egindakoa da, eta 35 minutu irauten du. Bertan, hil eta 50 urtera, Unamuno agertzen da bizirik, Salamancako eta Bilboko –bere jaioterria– lekurik gertukoenetatik eta kutunenetatik paseatzen. Ikusten da zelan heltzen den filosofo eta idazlea Abandoko geltokira, eta zelan doan ibiltzen itsasadarrerantz, Arriagarantz, Areatzarantz, Erronda kaleko jaiotetxerantz eta Gurutze kalean bizi izan zeneko etxerantz.  Unamunoren botxoko lekuetan zehar egindako paseoa.

Zintaren soinu-banda Juan Crisóstomo Arriaga konpositorearena da, eta zortzikoa, berriz, Iparragirre euskal poeta eta musikariarena, José Antonio Urdiain tenorrak kantatuta. Hain zuzen ere, Urdiain ere aretoan egon zen, filmaren ikusle nabarmen gisa.

Era berean, idazlearen iloba eta birbiloba ere bertan izan ziren ustekabean; izan ere, Eskozian bizi dira, eta bidaia turistiko eta nostalgikoa egiten ari ziren beren arbasoen lurraldean.

Proiekzioaren ostean, oso solasaldi animatua sortu zen, eta bertaratutakoek zorionak eman zizkieten ekitaldiaren aurkezleei, eta laudatu egin zuten ikusitako filma, Museoari ere eskerrak emateaz gain, ziklo hau antolatu izanagatik.

Berriz ere, eskerrik asko etapa emankor honetan gurekin batera izan diren ikusle guztiei.